Astearteko Plenoa puntu gutxikoa, baina mamitsua izan zen. Batetik, Udalak alderdi politikoei ordaintzen dizkien asignazioak igotzea onartu zen, eta bestetik, 2016ko aurrekontu proposamena onartu zen.
Alderdi politikoei eta zinegotzi kopuruari dagozkien asignazioak, gora
EAJk eta PSE-EEk proposatu zuten Udalak alderdi politikoei ordaintzen dizkien asignazioak igotzea, legegintzaldi hasierako alkatearen soldata igoera kontuan hartuta. Horrela, zinegotzi kopuruari dagokion asignazioa 146,04 eurotik 197 eurora igotzea onartu zen, eta alderdi politikoei dagokiena, 474,65 eurotik, 679 eurora.
Andoni Amonarraiz, EAJko bozeramaileak proposamena azaldu nahi izan zuen: «3 proposamen egin ditugu. Batetik, alderdi bakoitzak jasotako boto kopurua kontuan hartuta, liberazioak aplikatzea; EH Bilduk hori du, 3 liberazio eta pixka bat gehixeago baititu. Baina EAJri 1,6koa dagokio, eta Orain Hernani eta PSE-EEri ia 1ekoa, eta Gobernu Taldeak ez zuen onartu. Beste proposamena izan zen, dietak ordaintzea batzorde eta Plenoetara joateagatik, eta hori ere ez zen onartu».
Gobernu Taldea abstenitu egin zen. «Lehen guk proposatu genuen eta ez zen onartu, beraz, orain abstenitu egingo gara». Orain Hernanik, aldiz, kontra bozkatu zuen: «Gu beti egon gara kontra. Baina liberazioen alde gaude, denbora behar baitugu».
Aurrekontu haundiagoa
2016ko aurrekontuak ere onartu ziren, EH Bilduren aldeko 9 botorekin, EAJren kontrako 4 botorekin, eta PSE-EE eta Orain Hernaniren bina abstentziorekin.
Guztira, 2016ko aurrekontua 32.168.438 eurokoa da. Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen %2,6 haunditu dela, eta «Udalaren egoera ekonomikoa ona» dela: «Zorra %6,3koa da, eta Gipuzkoako bataz bestekoa %40aren ingurukoa da». Era berean, aurrekontuak egiteko kontuan hartutako baloreak argitu zituen: «herri jasangarria, partehartzaile eta aktiboa, solidarioa, eta euskal identitatea oinarri dituena nahi dugu». Bestalde, azpimarratu zuen aurrekontuak landu egin dituztela «herritarrekin eta eragile eta alderdi ezberdinekin. Bide horretan jarraitu behar dugu».
Inbertsio nagusia igerilekua haunditzea izango da, eta zergei dagokienez, ez dira igoko.
*Larunbateko Kronikan zabalago landuko dira aurrekontuak, datuak eta alderdi guztien balorazioak bilduta.