EAJren jarrera salatu nahi izan du Astigarragako EH Bilduk, prentsa ohar baten bidez. Izan ere, uste du «onartezinak» direla EAJk egindako adierazpenak, Andoni Gartzia EH Bilduko zinegotziaren liberazio erdiaren inguruan: «EAJren lotsagabekeriak ez dauka mugarik: plenoan uso eta etxean otso».
Azkeneko plenoan onartu zen Gartziaren liberazio erdia aho batez: «bere estiloari leial, aukera aprobetxatu du EAJk, EH Bilduren aurka egiteko, modu zatar eta lotsagabean. EAJk adierazi zuen, liberazioa onartu zuela aurreko legealdiarekin alderatuz oposizioak indar haundia duelako. Prentsan, aldiz, EH Bilduren aurka demagogia eta populismoa izan dituzte hizpide».
Horri erantzunez, EH Bilduk onartu du aurreko legealdian oposizioko kideek ez zutela dirurik jaso zuzenean, baina «ezta gobernuko kide gehienek ere. Oposioko lau eta EH Bilduko bost zinegotzik ez zuten ezer ere kobratu».
«EAJk politikaz bizi nahi du, eta EH Bilduk politika eta herrigintza egiteko bizi nahi du
«Bost hilabetetan, EH Bilduk ia bikoiztu egin du, EAJk eta H1!ek lau urtetan egindako lana»
Mugikorren gastua ere aipatu du EH Bilduk, argituz EH Bilduko hiru kidek eta PSE-EEkoak, uko egin diotela mugikorra izateari: «aldiz, aurreko legealdian, EAJk eta H1!ek mantendu egin zituzten, arduragabekeriaz gastatuz, gainera: 1.740 euro, lau kideen artean, eta gobernuko kideek (zazpi, alkatea barne), 1.267 euro».
EH Bilduk kritikatu du, gainera, gastua ez dela egin zuten lanaren adierazgarri: «lau urtetan, EAJk 27 mozio eta 24 eskaera proposamen edo alegazio aurkeztu zituen, eta H1!ek 13. EH Bilduk ia bikoiztu egin du, bost hilabetetan, haiek lau urtetan egindako lana: 9 mozio eta 103 eskaera, proposamen edo alegazio aurkeztu ditugu».
Modu berean, dietei uko egiten jarraituko dietela adierazi du EH Bilduk: «aldiz, gobernuko sei zinegotzitatik lauk liberazioa kobratzen dute, eta beste biek dietak; bost hilabetetan, 1.600 euro. EAJk politikaz bizi nahi du, eta EH Bilduk politika eta herrigintza egiteko bizi nahi du. Dietak kobratuta ala ez, behintzat lanean jar daitezela».