Gabon giroan sartu garenez, Jokalari Anonimoek eta Ongintzak herritarrak ohartarazi nahi izan dituzte: «Kontrolik gabeko gastuarekin kontuz ibili beharra dago Gabonen buelta honetan», gogorarazi du Hernaniko Jokalari Anonimoetako koordinatzaileak.
Hernaniko taldean, laguntza
1990eko urtarrilean sortu zen Hernaniko Jokalari Anonimoen taldea. «Asteartero, 19:00etan, taldeko terapiak egiten ditugu, eta hileko aurreneko asteartetan, familiarrekin egiten dugu terapia, ikas dezaten ludopatia daukan norbaitekin bizitzen, bera ulertzen, sortutako gastuei aurre egiten... Bestalde, ostegun eta ostiraletan informazioa ematen dugu. Baita telefonoz edo internet bidez ere: 943 33 11 03 edo jugadoresanonimoshernani@gmail.com».
Bileretara joaten direnen perfila asko aldatu dela dio koordinatzaileak. «Makina txanponjaleetara, tragaperretara engantxatutakoak gutxiago dira, baina gero eta gazte gehiago ari dira engantxatzen interneteko kasinoetara eta kirol apustuetara».
«Ingurukoek duten alternatiba bakarra da»
Xabier Lertxundi, Ongintzako lehendakariak ere, taldearen garrantzia azpimarratu nahi izan du. «EAEn dagoen bakarra da, eta Ongintzatik indarra eman nahi diogu; ingurukoek duten alternatiba bakarra da».
Horregatik, «kolaboratu» egiten dutela azaldu du. «Ongintzako lokala eta terapiak egiteko psikologoa jartzen ditugu. Izan ere, gero eta garrantzia haundiagoa hartzen ari den errekurtsoa da».
Ateak zabalik
Sandiusterrin, eraikinaren ezkerraldean, Larramendi kalera jaisteko eskaileren ondoan dago lokala. Anonimatoari garrantzia ematen diotenez, bertatik sartu behar da.