Sagardo Apurua antolatu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, beste hainbat elkarte eta instituziorekin batera. Larunbatean hasi eta asteartera arte luzatuko da. Donostian, Konstituzio plazan jarriko dute gunea eta ekintza ugari izango dira lau egunetan, goiz eta arratsalde (11:00-14:00 eta 17:00-20:00): pintxoak, sagardo probaketa, merkatua...
Dena dela, Astigarragak ere izango du partea. Sagardo berria alan jaitsiko dute Astigarragatik Donostiara (09:00), Urumea ibaian barrena. Petritegi eta Lizeaga sagardotegiek aurrera eramandako proiektua da, besteak beste. 11:30etan iritsiko da Donostiara. Idiekin garraiatuko dute ondoren eta Konstituzio plazan izango da Sagardo Apuruaren hasiera ekitaldia, 13:00etan. Oinkari dantza Eskolaren Sagarrondotik lanaren dantzek eta bertso musikatuen bidez emandako pregoiak irekiko dute ekitaldia.
Lehena eta oraina elkartzeko helburua du Sagardoaren Apuruak, sagardoaren kultura eta historia ezagutzera emanda. Eta besteak beste, garai bateko sagardotegi bat egingo dute Konstituzio plazan.