Kaleratzeak Stop taldeak Kronikara bidalitako oharrean gogorarazi du, azaroaren 21eko Plenoak aho batez onartu zuela Kaleratzeak Stopen mozioa eta horrekin, 8 konpromiso hartu zituela bere gain.
Honakoak dira konpromiso horiek, diote: «1.- Udaletxe honek Kaleratzerik Gabeko Herri deklaratzen du udalerri hau; 2.- Udaletxeak neurri guztiak erabiliko ditu lehenengo etxebizitzako kaleratzeak geldiarazteko eta, behar izanez gero, bizileku bat izateko aukera bermatzeko; 3.- Udaletxe honek etxegabetzeak saihesteko jarduera guztiak koordinatuko dituen pertsona edo organismo bat izendatuko du; 4.- Udaletxeak finantza erakundeengana joko du kaleratzeak geldiarazi ditzatela eskatzeko, jabetzan dituzten etxebizitza hutsen errolda galdetzeko eta etxebizitza horiek alokairu sozialeko programa publikoen zerbitzura jarri ditzatela exijitzeko. 5.- Udaletxeak finantza edo administrazio erakundearekin bitartekotza egingo du etxegabetzea gelditzeko. Saihestu ezin denean, neurriak hartuko ditu kaltetutako pertsonei arrazoizko prezioan alokairu sozialeko erregimenean berriz ostatu emateko; 6.- Udaletxeak kaleratzea ekarri dezaketen kasu guztien berri emateko eskatuko die epaitegi eskudunei; 7.- Lakuako Gobernuari exijitzen dio Gasteizko Legebiltzarrak etxebizitza publikoen inkilinoei buruz hartutako akordioa betearazteko; 8.- Udaletxeak etxebizitza hutsen inbentarioa egingo du eta hiriaren etxebizitza beharrak aztertuko ditu sei hilabeteko epean».