Espainiako Kongresu eta Senaturako Hauteskundeak izan ziren igandean eta Astigarragan, Kongresurako boto gehien jaso zituen alderdia, Podemos-Ahal dugu izan zen: 825 boto. Atzetik, gertu, EH Bildu izan zen bigarren alderdi bozkatuena, 742 botorekin. Hirugarren alderdia EAJ-PNV izan zen, 658 boterekin. PSE-EE (PSOE) alderdiak 243 boto lortu zituen, PPk 144, Ciudadanosek 103, IUk 66, PACMAk 23, UPyDk 9, Recortes Cerok 3 eta Libertate Nafarrak 1.
Partehartzea haundiagoa izan zen igandean, 2011ko hauteskundeetan baino. 2.846 astigartarrek bozkatu zuten igandean, orain dela lau urte baino %4,06k gehiagok. Abstentzioa, berriz, %32,99koa izan zen, 1.401 herritarrek ez zuten bozkatu.
2011ko hauteskundeekin konparatuta, Amaiur izan zen orduan alderdi bozkatuena, 1.089 botorekin. EAJ-PNV alderdiak, berriz, 486 boto jaso zituen, PSE-EE (PSOE) alderdiak 287, PPk 207, IUk 81, PACMAk 7 eta UPyDk 28.
Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian ere, Podemos nagusi
Podemos izan da Diputatu gehien lortu dituen alderdia Gipuzkoan; bi diputatu lortu ditu Kongresurako. Boto gutxiagorekin, Diputatu berak lortu ditu EAJ-PNVk; EH Bilduk eta PSE-EE (PSOE) alderdiek Diputatu bana lortu dute.
Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Podemos izan da nagusi, baita ere; 7 diputatu izango ditu. EAJ-PNVk 6 diputatu lortu ditu; UPN-PP eta PSE-EEk (PSOE) 4na diputatu; eta EH Bilduk 2.
PP gehiengo osotik urruti
PPk irabazi zituen hauteskundeak igandean, 123 diputaturekin, baina gehiengo osotik oso urruti geratu da. PSOE izan zen bigarren alderdi bozkatuena, 90 diputaturekin. Hirugarren postuan geratu zen Podemos, 69 diputaturekin; eta laugarren izan zen Ciudadanos 40rekin. Gainerako diputatuak: ERCk 9, DLk 8, EAJ-PNVk 6, IUk 2, EH Bilduk 2 eta CCa-PNCk 1.