Espainiar Gorteetarako hauteskundeak izan ziren igandean, eta lortutako emaitzen balorazioa egin du Hernaniko EH Bilduk, prentsa ohar baten bitartez.
Hasteko, herritarren babesa eskertu nahi izan du alderdiak: «eskerrak eman nahi dizkiegu, EH Bildun konfiantza jarri duten 220.000 euskal herritarrei. Beraiekin batera, Euskal Herriarentzat prozesu independentista bultzatzeko konpromisoa berresten dugu. Aipamen berezia Hernaniko herritarrentzat, beraiei esker berriro ere Hernaniko lehen indar politikoa izaten jarraitzen dugulako».
«Espainiatik datozen aldaketa haizeek arrakasta haundia lortu dute euskal jendartean»
Orokorrean, ordea, EH Bilduk onartu du emaitzak ez direla onak izan: «emaitza txarrak izan dira EH Bildurentzat, aitzakiarik gabe. Herritarrengan zabaldu eta errotu nahi izan dugun mezua izan da, euskal gizarteak aldaketa politiko, sozial eta ekonomikoarentzat duen nahia Euskal Herritik eta Euskal Herrira begira bidera-tzeko. Baina argi dago ez dugula lortu, eta Euskal Herritik baino, Espainiatik datozen aldaketa haizeek arrakasta haundia lortu dute euskal jendartean. Zalantzarik gabe, euskal independentistok badugu zer hausnartu, soseguz eta lasaitasunez».
«Aipamen berezia hernaniarrei; beraiei esker herriko lehen indar politikoa izaten jarraitzen dugu».
Elkarlan eta kolaborazio esparruak bilatzeko prest
Elkarlanerako prest azaldu da EH Bildu, bere programaren oinarri diren gaietan: «zoriondu nahi dugu Podemos Ahal Dugu indar politikoa, Hego Euskal Herrian lortu duen garaipenagatik. EH Bilduren aldetik esan, elkarlan eta kolaborazio esparruak bilatzen jarraituko dugula, horretarako prest dauden indar politiko guztiekin, Podemos Ahal Dugu barne; bai erabakitzeko eskubidearen inguruan, bai Euskal Herriaren aitortzan, bai giza eskubideen eta presoen gaian, bai eskubide sozial eta politikoetan».
Bukatzeko, EH Bilduk azaldu du badakiela «ezker independentistaren esparru sozial eta politikoa askoz zabalagoa dela, abenduak 20ak utzi duen argazkia baino. Beraz, lehen bezala orain ere, EH Bilduren lan ardatz nagusia izango da, Euskal Herriak behar duen prozesu independentistan inplikatzea eta bultzatzea».