Oier Andueza Antxia euskal presoaren margoak ikusgai daude gaurtik, Biteri kultur etxean. Bikote hernaniarra du Anduezak; bera, Soto del Real, Aranjuez, Caceres, Teixeiro eta Murtzia II espetxeetan egon da preso, 2001eko otsailean, Espainiako poliziak atxilotu zuenetik.
Espetxean zegoela piztu zitzaion Anduezari pinturarekiko duen zaletasuna: «espetxean, eta nire kabuz. Hobby bezala hasi zena, egun nire bizitzaren zati garrantzitsu bat da. Eskuetan margoak hartzen ditudanean ihes egiten dut espetxetik. Eta kartzelari aurre egiten diot. Kartzelari aurre egiteko margoak leiho bihurtu ziren, barrote gabeko leihoak».
Gai ezberdinak lantzen ditu Anduezak margoetan, nahiz eta guztiek duten elementu komun bat: «paisai gutxi ikusiko dituzue gaur. Niri jendea margotzea gustatzen zait. Begirada edo keinu batek mila paisaiek baino askoz gehiago esaten didate».
Margoak publikoari erakustea, helburu
Erakusketaren antolatzaileen esanetan, margoak ikusgai jarri izanaren helburua da, orain arte pribatuan egon dena publikoari erakustea. Anduezak ordea, hala dio: «nire leihoetara hurbiltzera gonbidatzen dizuet, nire ihesaldiek eraman nauten leku ezberdinak ezagutzera».
Urtarrilaren 7ra arte
Erakusketa gaurtik urtarrilaren 7ra egongo da ikusgai, 17:00etatik 21:00etara.