Beñat Gaztelumendirekin Hernanira, txapelaren zati bat

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 20a, 01:00

Beñat Gaztelumendi da Gi­puz­koako txapeldun berria. Ina­xi Exaberen eskutik jantzi zuen atzo, ondo merezitako garai­kurra. 7.000 lagunetik gora bildu ziren atzo Ilunben, eta guztien aurrean jantzi zuen Bertso Eskolako kideak, hirutan bilatu duen txapela. Alaia Mar­tinekin jokatu zuen buruz burukoa; Gazte­lu­men­dik 637,5 puturekin lortu zuen pasea; eta Alaia Martinek 14,5 gutxia­gorekin, 623 punturekin.
Gaztelumendik kartzela­koe­tan jo zuen gorena; eta ba­tez ere, aurrenekoan; mai­­la altua erakutsi zuen fi­nal oso­an. Bu­ruz bu­ru­koan, zortziko txi­ki­an Alaia Mar­tinek baino ofizio hobea egin zuen, eta aurretik zeka­rren aldeak la­gun­duta irabazi zuen finala. Alaia Mar­tinek final orekatua egin zuen, eta au­rreneko kar­tze­lakoan bo­ro­bil­du zuen, ordurarteko lana.
Bertso eskolako beste bi ki­deek ere, Agirrek eta La­bu­ruk, mai­la ederra erakutsi zuten. La­buru au­rre­tik jo­an zen final osoan, kartzela­raino; on­do merezitako hirugarren pos­tua lortu zuen atzo. Agi­rrek lan ederra egin zuen aurreneko bi ofizioetan, eta kartzelakoan eman zuen finaleko onena.
Apalategi izan zen lau­garrena, ofizioetan egin zuen lan onari esker. Aipa­tzekoa,  baita ere, Iguaranek atzo egin­dako lana; txapelketako erre­be­lazioa izan da amasarra. Maiak ez zuen egunik onena izan. Eta Xamoak ederki kunplitu zuen estreinako finalean.

Beñat Gaztelumendi:
«Banekien asko  borrokatu beharko nuela txapela
janzteko, eta zenbait momentutan askatu egin naiz, lehertu dut, aurreko bi finaletan ez bezala. Berezia eta esanahi haundikoa izan da, belaunaldi bereko bertsolari bat izatea ondoan buruz burukoan».

Alaia Martin:
«Emozio asko izan dira, eta buruz
burukoan nengoela jakitean, hunkitu egin naiz. Helburu nagusia zen, nire bertsokera erakutsi eta nire burua errekonozitzea. Gus­tora nago egindako saioarekin».

Agin Laburu:
«Oso gustora nago egin­dakoarekin; pozik nire saioarekin eta hirugarren postuarekin, baina pena geratu zait, kartzelakoan galdu ditudalako buruz burukorako aukerak. Arriskatu egin dut, baina ez dut asmatu, eta hirugarren bertsoan ihes egin dit. Beti izan da nire puntu ahula».

Unai Agirre:
«Sentsazio onarekin geratu naiz. Beti daukazu gogoa gehixeago egiteko, baina txapelketan oso zaila da dena borobil ateratzea. Momentu batzuetan ez dut goia jo. Hala ere, firmatuko nuen saio hau, hasi baino lehen. Eta finala bera ere, saio ona iruditu zait».

PUNTUAZIOA
B. Gaztelumendi 1012
A. Martin 993
A. Laburu 614,5
I. Apalategi 603,5
U. Agirre 595,5
O. Iguaran 594
J. Maia 586
A. Oiartzabal (Xamoa) 571,5

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!