Kanturako eta jateko, Gabonen parekorik ez!

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 19a, 01:00

Iritsi dira Gabonak. Konturatzerako, bete-betean murgildu gara festa giroan. Atzo San Joan Bataiatzailea elizan eman zuten kontzertua Inmakuladako abesbatzak, Musika Eskolako Dakapo eta gazteen abesbatzek, Goiz Eguzkik, Ozenkik, Kantuzek eta Parrokikoak.
Gaur, berriz, txistorra probatzen hasteko aukera izango da; San Joan Konpartsak postua jarriko du 11:00etatik 14:30etara Plaza Berrin, eta denetik izango da: pintxoak, bokadiloak, eta txistorra, gazta, hirugiharra edo glutenik gabeko txokolate taloak. Era berean, Santo Tomas egunean, astelehenean, Donostiako Gipuzkoa Plazan jarriko du postua konpartsak.

Hainbat musika emanaldi, gaur eta bihar
Jatekoarekin batera, musikak hartzen du protagonismoa Gabonetan. Gaur bertan, eguer­diko 12:00etan kalejiran aterako dira Ttarla taldeko dantzariak. Era berean, erromeria izango da Patxi eta Konpainia taldearekin, Plaza Berrin, 18:30etatik 20:30etara.
Bestalde, bi kontzertu izango dira. Batetik, 18:30etan Milagrosan, batera ariko dira ‘Hernani’ Musika Eskolako txistulari taldea eta Dakapo abesbatza. Talde bakoitza bakarka ariko da aurrena, eta denek elkarrekin bukatuko dute. Bestetik, Ozenki abesbatzak eta Musika Bandak beste emanaldi bat prestatu dute; 19:30etan Agustindarren komentuan ariko dira, Imanol Kamio eta Roberto Pachecoren zuzendaritzapean.
Bihar, berriz, Txistulari Bandak emango du kontzertua, eguerdiko 13:00ean Milagrosan, Patxi Apezetxea buru dutela, eta piano-jole baten laguntzarekin.

Txistorra eta saskien zozketak, bihar eta etzi
Astelehena da Santo Tomas eguna, baina Hernanin gaur izango da txistorra probatzen hasteko eguna, eta bihar eta etzi ere aukera gehiago izango dira.
Zikuñagan, Lizeagan, Sorgintxulon eta Portun, bihar jarriko dituzte txistorra postuak. Gainera, Zikuñagan auzoko gazteek egindako jaiotza ere izango da ikusgai. Lizeagan, berriz, Olentzeroren panpinak egiteko aukera izango dute gaztetxoek, goizean zehar, 11:30ak arte. Ondoren, erakusketa jarri eta sariak banatuko dira. Sorgintxulon eta Portun, berriz, txistorra jateaz gain, saskiak eta bestelako sariak irabazteko aukera ere izango da, zozketetan.
Santo Tomas eguna, ordea, astelehena da, eta Goiz Eguzkin festa egingo dute, goizeko 11:00etatik aurrera: udazkeneko karta eta herri jolasetako sariak banatu, eta 4 saski zozketatuko dituzte, tripa betetzeaz gain.

Musika gehiago, astearte eta ostegunean
Emanaldi gehiago ere ez dira faltako datozen egunetan. Asteartean, ‘Hernani’ Musika Eskolako ikasleak aterako dira Gabon kantak abestu eta jotzera, herrian barrena, 17:00etan Plazatik abiatuta.
Baina kanturako egun haundia osteguna izango da. Olentzero etorri baino lehen, Inmakulada, Urumea, Langile eta Elizatxo ikastoletako ikasleak aterako dira txokorik txoko kantuan, goizean zehar.
Arratsaldean, berriz, bertso eskolako kideak baserriz baserri ibiliko dira; Kantuz abesbatza, herrian barrena, eta baita Musika Banda ere. Eta nola ez, Olentzerori etorrera bikaina egingo zaio 18:00etan, Ttarlak lagunduta.

Ikas-bidaiarako dirua biltzeko, postua
Abenduaren 24ko kantu saioek iraun bitartean, indarrak berreskuratzeko aukera ere izango da Plaza Berrin. Hernani BHI institutuko ikasleek postua jarriko dute, ikas bidaiarako dirua lortzeko. Gozoak izango dira bertan, eta baita gazta bat ere; pisua asmatzen duenak, gazta eramango du opari.

Haurrentzako entretenimendu ugari
Oporrek iraun bitartean, bestelako hainbat ekintza ere izango dira, bereziki gazte­txo­enentzako. Horrela, Gibelalde auzo elkarteak antolatuta, kontu kontalaria entzuteko aukera izango da abenduaren 28an, 18:00etan, Larramendi kaleko egoitzan, eta urtarrilaren 4an zine saioa izango da.
Bestalde, haurrentzako tailerrak egingo dira abenduaren 29an, Biterin, doan.

Bertsolatak, hutsik ez!
Urtero antolatzen diren ekintzen artean, Ber­tso­latak ez du hutsik egin aurtengoan. Kantuan aterako dira abenduaren 24an eta 31n, eta bertso jarrien emanaldia ere antolatu dute Sagastialde auzo elkartean, afari baten bueltan.
Baina ekitaldi potoloena urtarrilaren 2an izango da: bertso jaialdia egingo da 22:00etan, Biterin. Sarrerak egunean bertan egongo dira salgai.

Urtea hasi eta bukatzeko, kirola, kriseiluen argia eta opari gehiago!
Urtea bukatzeko, bestelako ekintzak ere ez dira faltako: Wukroren aldeko San Silbestrea, edota Gu­re Esku Dagok antolatuta, kriseiluak bo­ta­tzea. Eta Gabonak hasi bezain ondo bukatzeko, Errege Magoak iritsiko dira Hernanira, 

Gaur:
11:00-14:30, Santo Tomas Eguna Plaza Berrin, San Joan Konpartsarekin. Bihar, Donostian egongo dira.
12:00, Ttarla dantza taldearen kalejira, plazatik hasita.
18:30-20:30, Erromeria Plaza Berrin (bestela, Atsegindegin).
18:30, Musika Eskolako txistulariak eta Dakapo abesba­tza, Milagrosan.
20:00 Ozenki abesbatza eta Hernaniko Musika Banda, Agustinetan.
Bihar:
11:00, Santo Tomas Eguna, eta jaiotzaren erakusketa Zikuñagan.
Goizean zehar, Santo Tomas Eguna eta saski eta ardo botilen zozketa, Sorgintxulo auzoan.
11:30 arte, Olentzero 
panpinen lehiaketarako panpinak jaso. Ondoren, erakusketa eta sari banaketa. Gibelalde (Lizeaga).
12:00-14:00, Santo Tomas Eguna. Gibelalde elkartea.
12:00, Txistorrada Portun, Ibarrolaburu plazan. Auzo elkartearen Gabonetako saskia zozketatuko da.
13:00, Gabonetako txistu kontzertua, Milagrosan.
16:00, Osiñaga auzoko mus txapelketa, Itxasburun.
Astelehenean:
11:00, Santo Tomas Eguna Goiz Eguzkin. Sari banaketak eta saskien zozketa.
Abenduak 22:
17:00, Gabonetako irteera, ‘Hernani’ Musika Eskolako ikasleena, Plazatik.
Abenduak 24:
10:30, Inmakulada 
ikaste­txeko gabon erronda.
10:30, Urumea ikastolako gabon erronda.
11:00, Langile ikastolako gabon erronda, Txantxillatik.
11:45, Elizatxo ikastolako gabon erronda.
Egun osoan, Hernani BHIko ikasleen postua Plaza Berrin: gozoak, eta gazta apustua. 18:00etan gazta irabazleari ematea.
15:30, Gabonetako buelta baserriz baserri, Biteritik. 
18:00, Olentzero eta Ttarla taldeko dantzariak kalean.
18:30, Gabon gaueko kale buelta Milagrosatik aterata. Kantuz abesbatza.
20:00, Gabon gaueko 
erronda. Musika Banda.
Abenduak 26:
Iluntzean, bertso jarri afaria, Bertso eskolakoen bertsoekin eta Imanol Kamio eta Aitor Atxegaren musikarekin, Sagastialde elkartean.
Abenduak 28:
18:00, Haurrentzako kontu kontalaria, Gibelalden.
Abenduak 29:
17:00-19:30, Haurrentzako tailerrak Biterin, doan.
Abenduak 31:
17:30, Urte Zaharreko erronda. Ohitura Zaharrak.
18:00, Wukroren aldeko San Silbestrea.
19:00, Kriseiluak bota Zinkoe­ne­atik. Gure Esku Dago.
Urtarrilak 2:
22:00, Bertso jaialdia, Biterin: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola eta Oier Iurramendi. Sarrerak salgai egunean bertan, 20:30etatik aurrera.
Urtarrilak 4:
18:00, Haurrentzako zinea Gibelalden, doan.
Urtarrilak 5:
18:00, Errege kabalgata, Marielutsetik abiatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!