AINHOA JAUREGI
Unai Agirre, Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jon Maia, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartxabal Xamoak osatuko dute zortzikotea, gaur arratsaldean, Donostiako Ilunbe zezen plazan jokatuko den finalean. Ekitaldia 17:00etan hasiko den arren, ateak 15:30etatik aurrera egongo dira irekita.
Finalaz harago, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak azpimarratu nahi izan du, finala egun ederra eta gogoangarria izatea nahi dutela, baina txapelketa, finalaz harago doala: «maiatzaren 7an hasi zen 74 bertsolarirekin eta 38 saio izan dira denera. Finala baino askoz gehiago da. Bidea luzea eta polita da, eta emaitza da finala».
Txapelketa bera irailean abiatu zuten, eta hiru hilabetetan zehar 43 bertsolarik parte hartu dute Gipuzkoan barrena jokatu diren 14 saiotan: sei final zortziren, bost final laurden eta hiru finalaurreko. Azkenean, horietatik zortzi iritsi dira finalera eta tartean Hernaniko Bertso Eskolako Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu izango dira txapela lortzeko lehian. Hirurak, 2011 urteko Gipuzkoako Txapelketako finalean ere izan ziren.
UNAI AGIRRE - 40 urte - Hernani
«Txapelketa batek behar dituen osagai guztiak izan ditu aurtengoak»
Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean egiten du lan. Ibilbide luzeko bertsolari hernaniarrak gazte mailako hainbat sari irabazi ditu. Gipuzkoako Txapelketan behin baino gehiagotan iritsi da finalera. Oso ongi aritu da orain arte txapelketa osoan. Berak lortu ditu puntu gehien finalerako pasea lortzerakoan.
Behin baino gehiagotan izan zara finalean eta aurten, faboritoetako bat zara. Txapela lortuko duzula uste al duzu?
Hori, finalera lehenengo klasifikatu naizelako da, baina nik ez dut nere burua faborito sentitzen. Finalera goazen guztiok daukagu aukera bat eta nik oso zaila ikusten dut irabaztea.
Txapelketa askotan hartu duzu parte. Nola ikusten duzu 2015eko Gipuzkoako Txapelketako maila?
Gipuzkoan, orokorrean, maila ona dagoela uste dut. Finalerako geratu den zortzikotea ikusita, antzematen da txapelketak duen maila. Finalaurrekoetan, bertso on asko entzun ditugu. Gainera, nire ustez, txapelketa batek behar dituen osagai guztiak izan ditu aurtengoak: urte asko daramakien jendea, poliki-poliki erretiratzen ari dena eta aurpegi berriak ere bai. Eta denetatik egongo da finaleran ere.
Nolako bertsolaria zarela uste duzu?
Haundia (barrez). Ba, ez dakit. Agian, bai plazan eta baita txapelketetan ere, bertsotan antzeratsu egiten saiatzen dena. Nahiz eta txapelketek gauza batzuetan beste modu batera egitea eskatzen duten, plazan egiten dudan antzekoa egiten saiatzen naiz.
Anaiarekin batera, bertso zaharrak berreskuratzeko ahalegina egin izan duzu eta sarritan, tradizio haundiko doinuak erabiltzen dituzu. Urteak pasa ahala, zure
bertsokerak bilakaera haundia izan al du?
Bai, izan du. Baina, ez dakit bilatutako bilakaera izan den. Azkenean, bertsolari batek ahal duen moduan egiten ditu bertsoak eta gustatzen zaion eran. Orduan, nahi gabe ere, garatu ahala, bertsokera ere aldatzen joaten da. Ibilbide bat nahita egiten da, baina beti oinarri batetik abiatuta, eta nik oinarria ez dut gehiegi aldatu. Doinuari dagokionez, bai egin dudala modu kontzienteago batean ahalegin zehatz bat.
Bakarka edo binaka?
Bietara gustatzen zait. Baina, beharbada, orain errazago egiten zait binaka. Hala ere, bakarka ere oso gustuko dut.
Zer motatako gaiekin sentitzen zara erosoen?
Ba ez dauzkat gai atseginagoak edo erosoago sentiarazten nautenak. Neretzako, mota bateko edo besteko gaiak baino gehiago, garrantzitsua da gaiaren formulazioa. Alegia, gai bakoitzak bertsolaria non uzten duen.
Bertsoak abesterako garaian, nola kontzentratzen zara horrenbeste ikusle eta ikusminen aurrean?
Nik ez daukat parafernalia haundiegirik. Lehen, denbora gehiago pasatzen nuen horretan. Orain, azkeneko momentura arte bizitza normalagoa egiten dut. Bezperan, denbora pixka bat hartzen dut, bakartu eta lekuan kokatzeko. Baina gehiegi obsesionatu gabe. Hori bai, egunean bertan, nere buruarekin egoten saiatzen naiz. Saioa hasi baino ordu batzuk lehenago nere kaxa egotea gustatzen zait edo bertso eskolako jendearekin, hortan zentratzeko. Baina oholtza gainean konzentratzeko teknika berezirik ez dut erabiltzen.
Zeintzuk dira zuretzako bertso saio on baten osagaiak?
Txapelketari dagokionez, bertsolari bakoitzak bere mailatik edo egin nahi duenetik gertu ibiltzen denean, saio on bat ateratzen da normalean. Plaza beste gauza bat da. Baina nik uste dut, txapelketako saio batek plazako baten antza geroz eta haundiagoa izan, hobea izango dela.
Zer ematen dizu bertsolaritzak?
Bertsolaritza neretzako bizitzeko modu bat da. Afizio bat, batik bat. Urte batzuk egin ditut bertsotan oso gutxi ibiliz, eta bizitza normala egin dudan arren, behar bat sentitu dut. Beti egin dudan gauza bat da eta asko gustatzen zaidana.
Zer da txapela zuretzako?
Gehiegi itsutzen ez nauen gauza bat. Nire kasuan, txapela ez da helburua. Txapelketa honek beste helburu batzuk ditu niretzat: bertsotan ondo egitea, Euskal Herriko txapelketarako klasifikatzea... Txapela, ondorio bat balitz, gustura hartuko nuke. Baina ez da, inondik inora ere, helburu bat.
AGIN LABURU - 30 urte - Astigarraga
«Bizitzea tokatu zaizkidan gaiekin seguruago sentitzen naiz»
Kazetaria da ikasketaz, baina sagardotegi bat dauka eta bertan egiten du lan. Gazte-gaztetatik hasi zen bertsotan eta gazte sariketetako hainbat txapelketa irabazi ditu. Gipuzkoako Bertso Txapelketan, bigarren aldiz iritsi da finalera.
Espero al zenuen finalera iristea?
Txapelketa hasi zenean, finalera iristeko gogoa nuen, 2011koa kasuatitate bat izan ez zela erakusteko. Baina banekien errazagoa zela ez iristea, iristea baino. Gero, saioak pasa ahala, iristeko aukera gehiago ikusi ditut. Eta finalerdietan bai ikusten nuela nere burua finalean. Hala ere, iritsi ez banintz, ez nuen tragedia bat egingo.
Oholtza gainean zaudenean, nerbioak kontrolatzeko sekreturik ba al duzu?
Ez dut uste hori posible denik. Kontrolatu bai, baina neurri bateraino. Gainera, uste dut ona dela nerbio eta tentsio arteko puntu bat edukitzea. Horrela denean, buruak beste abiadura batean funtzionatzen du. Baina, puntu hori lortu eta nerbioek ez gainditzeko zer egin behar den, ez dakit. Egia esan, ez dakit inork kontrolatzen duen.
Zein modalitatetan mugitzen zara erosoen?
Ez dakit, egunaren arabera. Nik pentsatu dezaket egun zehatz batean ofizioka ongi moldatuko naizela eta saio horretan justu ofizioka gaizki ibiltzea eta bakarka ongi, edo alderantziz. Ez daukat erosoago sentizen naizen modalitate zehatzik. Hori bai, batzuk beste batzuk baino gustokoagoak ditut.
Gustokoena zein duzu, ba?
Neri puntu erantzunak asko gustatzen zaizkit, baina esate baterako, finalerditako puntuaziorik baxuena justu puntu erantzunetan daukat.
Zein motatako gaiekin sentitzen zara erosoen?
Gertuko gaiekin. Neri bizitzea tokatu zaizkidan gaiekin askoz seguruago sentitzen naiz. Beste baten azalean jartzea gehiago kostatzen zait. Adibidez, tratu txarrak jasan dituen pertsona baten lekutik kantatu behar badut, ikaragarri zaila egiten zait, gai delikatua baita eta ez dut gertutik bizi izan.
Gipuzkeraz kantatzearen alde egin duzu beti, zure hizkera naturalean. Behar bezala baloratzen dela uste al duzu?
Berdin zait, egia esan. Neri horrela egitea gustatzen zait eta kitto. Ez da baloratzeko egiten dudan zerbait, asunto estilistiko bat da. Horrela egin dut beti eta horrela egingo dut.
Nola definituko zenuke zure bertsokera?
Nere bertsokera zuzena dela esango nuke. Zuzena direktuagatik, ez erregistroagatik. Errekurtso estilistikoak ez dira neretzako.
Zer ematen dizu bertsolaritzak?
Lagun eta une on asko. Ez da nere bizitzako ardatza, baina bai zati garrantzitsu bat. Nik asko gozatzen dut bertsotan.
2011ko Gipuzkoako Txapelketan ere, Beñat, Unai eta zu finalera iritsi zineten. Aurtengo lehia haundiagoa izango al da?
Ez. Nere helburua aurten finalaz gozatzea da. Orain dela lau urte, finalak jan egin ninduen. Egoerak gainditu ninduen, ez nuen kontrolatzea lortu. Aurten, aldiz, nere buruan dagoeneko egoera osatuta daukat, irentsita eta barneratuta. Beraz, lasai nago eta ongi pasatzeko prest.
Zer da txapela zuretzako?
Egia esan, ez det txapela lortzearen aukera kontenplatu ere egin. Eta lortuko banu ondorio bat izango litzateke, ez helburu bat. Neri bertsoak gustatzen zaizkit eta bertsotara noa.
BEÑAT GAZTELUMENDI - 28 urte - Añorga
«Gogo gehiago daukat 2011n eman ez nuen hori emateko»
Bi aldiz geratu zara bigarren postuan Gipuzkoako Txapelketan. Hirugarrenean txapela iritsiko al da?
Nik usten dut lehenengo finaletik bigarrenera alde ederra egon zela. Lehenengo aldiz bigarren geratu ondoren tokatu zitzaidan postu horren zergatia erakustea. Finalean, ibildibe haundiko bertsolariak zeuden eta ez zuten nik lortutako postu bat lortu. Orduan, tokatzen ez zitzaidan leku batean nengoelako sentsazioa izan nuen.
Bigarren aldian, berriz, aurreko txapelketako emaitza kasualitate hutsa izan ez zela egiaztatu nahi nuen eta finalak jan egin ninduen. Sorkuntza aldetik kamustuta egon nintzen. Ez nuen nahi nuen guztia eman eta aurten, gogo gehiago daukat hori emateko besteekin lehiatzeko baino.
Oholtza gainean zerk eragiten dizu beldurra edo tentsioa?
Ba, martxan jartzen naizen arte, benetan nola nagoen ez dakit. Nahiz eta ustez prestatuta egon, bertsotan hasi arte ez dakit zer egun daukadan. Eta ezjakintasun horrek beldur pixka bat ematen dit hasieran. Hortik aurrera, ez daukat beldur konkretu bat.
Zein modalitatetan mugitzen zara erosoen?
Bakarkakoetan sentitzen naiz erosoago. Gero, agian, bakarkakoetan ez dut asmatuko eta besteetan bai, baina normalean bakarkakoetan hobeto sentitzen naiz.
Bertsokerari dagokionez, esperientziaren poderioz, aldaketarik izan duzu?
Nik uste dut, beti joaten garela eboluzionatzen. Agian, bertsokera baino gehiago da munduan, poliki poliki, kokatzen joaten garela, eta 19 urterekin daukagun lausotasun hori ere galtzen joaten gara. Onerako eta txarrerako. Nik, adibidez, duela zortzi bat urte nuen puntu lotsagabe hori, gauza askotan galdu egin dut eta onerako ere baden arren, egoera batzuetan askatasuna galdu dut.
Zein motatako gaiekin sentitzen zara erosoen?
Gertutik geratzen zaizkidan gaiek eroso sentiarazten naute, baina beste batzuen larrutik abesteko pertsonaia bat edukitzea ere ez zait gaizki etortzen. Orduan, ez dakit, honetan ere egunaren arabera.
Bertsolari ospetsuren bat erreferentzi moduan?
Bertsolari askori begiratzea gustatzen zait eta denetatik zerbait ateratzen saiatzen naiz. Baina, agian, Maialen Lujanbio dut osotasunean erreferentzi bezala edo gehien gustatzen zaidana.
Unai, Agin eta zu, 2011 urteko Gipuzkoako Bertso Txapelketan bezala, aurrez aurre egongo zarete berriro ere finalean. Zuen arteko lehia gogorragoa izango al da?
Ez, nere partetik ez behintzat. Nik nere esku dagoena egingo dut eta beraiek ere ahal dutena egingo dute. Gainera, niri babesa ematen dit inguruko bertsolariekin finalera joateak.
Zer eskatzen diozu finalari?
Ona izan dadila. Bertsoka denok egin dezagula, denok eduki ditzagula gure momentuak eta nere kasuan, 2011n sentitu ez nuen hori sentitzea.
Zer da txapela zuretzako?
Nere kasuan ere emaitza izango litzake eta ez helburua. Nere esku ez dagoen zerbait da. Nik gehiago begiratzen diot nere buruari. Bertsotan zer eta nola egiten dudan.