Kottonio astoa ostegunerako indarrak hartzen ari da, eta lasai-lasai, deskantsatzen gelditu da Olentzeroren etxean. Baina Olentzero hasi da, dagoeneko, lanean. Gaur Hernanin izango da, Kale Nagusiko Ikusi-Makusi jostailu dendan, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara bitartean.
Maugi Rojo eta Pili Pizarro aritu dira gaur arte ume hernaniarren gutunak postontzian jasotzen, eta gaur, Olentzerok jasoko ditu falta direnak; baita txupeteak ere! Aurten ume hernaniarrak oso ondo portatu direla aitortu du Olentzerok, eta datorren hilaren 24an lana majo egin beharko duela, «oso pozik, gainera!».
Gutun luzeak jasotzea espero al duzu gaurkoan?
Seguru baietz! Ume hernaniarrak oso ondo portatu dira aurten ere, eta merezi dute oparitxoren bat edo beste. Baina neurrian eskatzen ere jakin behar da! Bestela, Kottonio astotxoak akituta bukatuko du 24 gaua!
Gutunez gain, txupeteak ere jasoko dituzu. Nolatan?
Umeen ondasun kuttunetakoa izaten da txupetea, eta maitasun opariak dira neretzako. Neregan konfiantza dutela erakusten didate horrela, eta ni, pozik!
Kottoniori ere gustatzen al zaizkio txupeteak?
Horixe baietz! Agian, lepoko bat egingo diot ume hernaniarrek ematen dizkidatenekin!
Prest zaude datozen egunetako lanetarako?
Prest eta gogotsu! Eta gaurkoan ume hernaniarrek emango dizkidaten muxuekin, kementsu!
«Beti eramaten dut ikatz puskaren bat gainean, baina normalean, gozoa! Hernaniarrak ondo portatzen dira eta!».
Ba al daukazu sekreturik, Gabon Gaueko lanari aurre egiteko?
Tripatzar hau ez da nolanahi ateratzen! Eta horrek ematen dit neri, indarra! Arrautza frijitu parea, txistorra puska ederra, sagardoa zarra-zarra, gaztain erre goxoak, gazta pixka bat... Denetik eta ondo jatea gustatzen zait, eta horrela, edozein lan motari aurre egiteko gai izaten naiz! Ez pentsa! Ikatza egiteko jo eta ke aritu behar izaten dut lanean urte osoan zehar!
Hernanira ikatzik ekartzeko asmorik ba al daukazu?
Ez dut uste askorik beharko dudanik, baina zeinek jakin! Badaezpada, beti eramaten dut puskaren bat edo beste gainean, baina normalean, ikatz gozoa! Hernaniarrak ondo portatzen dira eta!
Zuk eta Kottoniok izango al duzue oparirik?
Muxu eta besarkadak, txupeteak, eta etxeetan jartzen dizkiguten jaki goxoak! Horiek bai opariak!