Urtero bezala, txistorradak, musikak eta kantuak girotuko dituzte Gabonak, Ereñotzun. Astelehenean daukate, beraz, aurreneko zita auzotarrek: Santo Tomas eguna ospatuko dute, Txirrita eskolan. Goizeko 11:00etan hasiko da Txistorra Eguna, ikastolako haurrekin; eta arratsaldean, umorea izango da nagusi, futbol zelaian, pailazoen emanaldiarekin. 17:00etan hasiko da saioa.
Gabon Kontzertua, asteazkenean elizan
Asteazkenean, berriz, musika eta kantua izango dira protagonista. Gabon Kontzertua eskainiko dute San Antonio elizan, iluntzeko 19:00etan hasita, Doinu Zale musika eskolako ikasleek, Txirrita eskolako haurrek eta Ozenki abesbatzak.
Baina kantuak ez dira faltako, hurrengo egunean ere. Etxez etxe joango dira abenduaren 24an, Gabon kantak abestuz, ikastolako taldea eta helduen taldea.