Zer dauka aportatzeko EH Bilduk, Madrilen?
EH Bildu ez doa berez Espainiako Gobernuan ezer aportatzera, Euskal Herrian hartuko diren erabakiak errespetaraztera baizik; hori da bere egiteko nagusia. Argi dauka joko zelai nagusia hemen dagoela, Euskal Herriak bere bide propioa egin eta erabakiak hartu behar dituela burujabetza osoa eskuratzeko.
Beraz, goaz garbi esatera, herri honek erabaki behar duela bere etorkizuna, hori errespetatu behar dutela bai ala bai, eta ez goazela negoziatzera, ez menpekotasunik, ez erdizko burujabetzarik, ez ezer. Gure bidea egitera goaz. Eta orain dagoenetik beste urrats bat egin eta burujabetza osora salto egiteko, uste dugu eskaintza bakarra guk egiten dugula. Gu ez bagoaz ahots horrekin Madrilera, ez da inor joango.
Benetan dauka EH Bilduk aukera, Madrilen indarra egiteko?
Madrilen indarra egitea ez da gure egitekoa. Hauteskunde hauetan jokoan daukaguna da, gure bidea benetan hemen egin ahal izatea. Madrilera talde haundiagoa edo txikiagoa joan, badakigu zer datorkigun handik. Ez datorkigu eskaintza demokratikorik, ez herri honen aitortzarik. Inposizioa eta ukazioa bakarrik datozkigu. Hortaz, behar duguna da argi eta garbi defenditzea han, euskal herritarrok erabakitzen duguna dela abiapuntua eta muga bakarra.
Zein dira EH Bilduren programaren ildo nagusiak?
Hiru erronka nagusi dauzkagu: batetik, justizia sozialean oinarritutako eredu berri bat lortzea; bestetik, gatazkaren konponbidearen bidean urratsak ematea, giza eskubideen urraketa lehenaldiko gauza izan dadin, gaur gaurkoz oraindik lortu ez duguna; eta hirugarrenik, hitza eta erabakia euskal herritarrena dela. Estatuan inork ez digu hori eskaintzen gaur egun. Aldiz Euskal Herrian badago modua, gehiengoak lortzeko, norabide honetan lan egiteko. Ba horretarako indarra atera behar dugu abenduaren 20an. Jokoan daukagulako, Madrilera bidaltzen dugun ordezkaritza baino askoz ere gehiago.
Hernaniko Udalean, Aldundian eta Legebiltzarrean egon ondoren, nola ikusten duzu zure burua Madrilen?
Instituzio bakoitzak badauka beretik, eta oso ezberdinak dira. Baina egia da, batean ikasitakoak ematen dizula aukera beste instituzioan gauzak azkarrago ikasteko. Esango nuke gehiago eragingo didala arlo pertsonalean, instituzionalean baino. Izan ere, horrek suposatzen du astean egun batzuk zure etxetik kanpo ematea, urrutiko lurralde batean. Eta zentzu horretan, salto bat nabarituko dut. Baina bestela, espero dut nire ibilbidea lagungarri izango zaidala, herritarrek nigan jarriko duten konfiantzari erantzuteko. Hori da nire erronka, ardura horri ahalik eta ondoen erantzutea, euskal herritarren interesen mesedetan.
Deia, Donostiara
EH Bilduk dei egin die herritarrei gaur Donostiako Trinitate Plazan egingo duten kanpaina bukaerako ekitaldira; 20:30etan da.