Olatz Zugasti gaur, beste hamaika kontzerturen abiapuntu

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 17a, 01:00

Kontzertu eta Musika emanaldirik ez da faltako, Gabonak bitartean. Gaur esaterako, Ola­tz Zugasti hernaniarrak bakarka atera berri duen bosgarren diskoa aurkeztuko du. Biterin izango da Ur goiena, ur barrena diskoaren aurkezpena. Harpa, beti aldamenean izaten duen musika tresna lagun izango du gaurkoan ere, baina baita te­klatu, programazio, gitarra elek­triko, akustiko, baxu eta bateria ere. Herriarekiko di­tuen kezkak kontatzen ditu abes­­tietan; tartean daude zenbait abesti tradizional, eta baita bere ukituaz gaurkotutakoak ere; eta noski, aire istrumentaleko kantuak ere, izango dira. Animatzen denak, iluntzeko 20:00etan du hitzordua, Biterin; sarrerarik ez da geratzen.

Gabon kanten jaialdia, bihar
Bihar berriz, gabon kanten jaialdia izango da, Kantuz abesbatzak antolatuta. Herriko eta ikastoletako abesbatzak entzuteko aukera izango da San Joan Bataiatzailea elizan, iluntzeko 20:00etatik aurrera. 

Hernasax eta Sax Sebastian Quartet, bihar
Biterira gerturatzen denak ere, musika emanaldi bikainaz goza­tzeko aukera izango du bihar: Hernasax eta Sax Sebastian Quartet taldea. Hernasax Udal Musika Eskolako saxofoi taldeko kideek osatzen dute; eta Sax Sebastian Quartet, Donostiako Francisco Escudero Kon­tserbatorioko saxofoi laukote batek. Kontzertua 19:30etan hasiko da,  eta aurreneko hiru piezak Sax Sebastian Quartet laukoteak eskainiko ditu: Easy Winners; Once upon a time in America; eta Blue Monk. Ondoren, Hernasax taldearen txanda izango da; bi suite joko dituzte: Suite clasica eta Celtic suite. Eta kontzertua errematatzeko, bi taldeek elkarrekin joko dituzte Gabonetako hiru pieza: Silent Night, The First Noel eta Rudolph, the red nose reindeer.

Kalejira, etzi eguerdian
Larunbat eguerdian berriz, Ttarla dantza taldeko kideek girotuko dituzte herriko kaleak;  kalejiran ibiliko dira, Gudarien plazatik abiatuta, 12:00etan.

Txistulariak eta Dakapo, elkarrekin
Larunbatean baita ere, Egu­be­rrietako kontzertua eskainiko dute Hernani Musika Eskolako Txistulariek eta Dakapo abesbatzak; 18:30etan izango da, Milagrosan. Hamalau abesti entzuteko aukera izango da, Gabiñe Orbegozo eta Iñaki Egurenen zuzendaritzapean.

Ozenki eta Musika Banda, arratsaldean
Ozenki eta Musika Bandak Gabonetako kontzertura gonbidatu dituzte hernaniarrak, larunbat iluntzean. Kontzertua Agustinetan izango da, 19:30­etatik aurrera. Berezia izango da gainera, Sorzano obra estreinatuko dutelako, Joxe Mari Oiartzabalek konposatutakoak. Kontzertuak hiru zati izango ditu; aurreneko bietan, Ozenki, eta Musika Banda banaka entzuteko aukera izango da; eta kontzertu bukaeran, biak batera ariko dira. Zuzendari lanetan Imanol Kamio eta Roberto Pacheco ariko dira, eta gerturatzen direnek, hamar abesti hauetaz gozatzeko aukera izango dute: The polar express; Russian Christmas Musik; Radetzky Marsch; Ez ditut nik; Birjina gaztetxo; Aurtxoaren negarra; Elurra mara; Suite de Navidad; A festive Christmas celebration; eta Sorzano.

Txistu kontzertua, igandean
Eguberritako txistu kontzertua eskainiko dute igandean Txistulari Bandak eta piano joleak. Eguerdiko 13:00etan izango da Milagrosan. Patxi Apezetxea izango da zuzendaria, eta honako zortzi abestiak eskainiko dituzte: Damua garaiz; Rondeau; Atzerriko Eguberria; Otzoal; Eguberriko kantak; Jagdstüchk/Menuett; Ai, hau gabaren; eta Eguberriko hiru kanta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!