Hirugarren urtez segidan, Belaunaldien arteko tailerrak antolatu ditu Harituz elkarteak, Udaleko Berdintasun Sailaren eta Arantzazuko Ama ikastolaren laguntzarekin; astelehenetik ostegunera bitartean, Arantzazuko Ama ikastolako DBH 4ko ikasleekin eta irakasleekin elkartuko dira Harituz elkarteko kideak, eta giro lasai batean, hainbat tailer egingo dituzte.
«Lau egunez, eta giro atsegin eta goxoan elkartuko gara 50 lagun inguru, jakintza eta esperientziak partekatzeko», azaldu du Harituzek. Ostegunean, hain zuzen, tailerren aurkezpen bideoa jarri zuten Galtzaur elkartean.
Osasuna, teknologiak, etxeko lanak...
Tailerrak lau egunetan egingo dituzte; horietako bi, eskolan bertan izango dira, eta beste bi, berriz, herriko elkarte gastronomikoan.
Gai asko landuko dituzte tailer horietan. Besteak beste, osasuna, gimnasia eta dantzen bitartez; mahai jolasak; teknologia berriak; sukaldaritza; arropa plantxatzea; joste lanak; arropa zintzilikatzea; artilezko ponpoiak egitea; orratzekin puntu-lanak...
Modu honetan, adin desberdinetako jendeak elkarri zer ikasi eta irakatsia badutela ikasteko aukera izango dute partehartzaile guztiek.
ZINEFORUMA
Asteartean, ‘Violette’ eta solasaldia
Harituz elkarteak antolatuta, Violette pelikula jarriko da asteartean, doan, 17:00etan kultur etxean (kultur agendan akatsa dago ordutegian). XIX. mende hasieran jaiotako noble baten sasiko alaba eta Simon de Beauvoir-en arteko adiskidetasunaz aritzen da. Gero solasaldia izango da.