Errugbi elkarteak denda ireki du Gabon hauetarako ere, taldeko materiala saltzeko; Plaza Berri eta Atzieta lotzen dituen kalean dago, Cuevas farmaziaren ondoan.
Urtarrilaren 5eko arratsaldera arte irekita egongo da, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Egun batzuetan, ordea, itxi egingo dute: abenduaren 23 eta 24an, urtarrilaren 4an eta urtarrilaren 5ean, goizean.
Larunbatean, Gernikara joateko autobusa
Bestalde, Ohorezko Mailako taldeak lanean jarraitzen du, eta larunbat honetan Gernikan jokatuko du.
Bertara joateko autobusa antolatu du elkarteak; larunbat eguerdiko 14:00etan aterako da Atsegindegitik. Izena eman nahi duenak Zintzarri tabernan dauka zerrenda; 10 euro dira. Partidua arratsaldeko 16:00etan hasiko da, Urbieta zelaian.