Prentsaurrekoa eman zuten atzo alderdi sozialistako ordezkariek, 2016ko udal aurrekontu proiektuari egindako zuzenketen berri hernaniarrei emateko.
Bi zuzenketa mota aurkeztu dituzte: «batetik, osoko zuzenketa aurkeztu genuen, ez gaudelako ados aurrekontu horiek ordezkatzen duten proiektu politikoarekin; Bilduk defendatzen dituen ideiak defendatzen baititu», azaldu zuten; «baina Bilduk gehiengo osoa duenez, ez zuen aurrera egingo, eta horregatik, zuzenketa partzialak egin ditugu, aurrekontuetan eragina izan ahal izateko, eta gure hauteskunde programan defendatu genituen partida batzuk sartu ahal izateko».
70.100 euro, zuzenketa partzialei esker
Alderdi sozialistak nabarmendu zuen «aurrekontuetan aldaketak egitea lortu duen alderdi bakarra» izan dela. «EAJren zuzenketak ez dira onartu, eta Podemosek ez du zuzenketarik aurkeztu».
Aurkeztutako 20 zuzenketatik 5 onartu dira, baina 3 puntutan bilduta, eta sozialistek nabarmendu zuten: «zuzenean 70.100 euro sartzea lortu dugu, eta baita hainbat konpromiso ere, Gobernu Taldearen aldetik».
Onartuta, Pleno aretoa berritu, etxebizitzak berritu eta Garapen Agentzia eratzeko partidak
Onartutako zuzenketen artean dago Pleno aretoa berritzekoa. Alderdi sozialistak 50.000 euro eskatu zituen, eta Bilduk 10.000 euroko partida onartu du. «Zinegotziek auzolanean ahal ditugun berrikuntzak egin beharko ditugula ere badakigu», gaineratu zuen PSE-EEk.
Bestalde, alderdi sozialistak aurkeztutako hiru zuzenketa, puntu bakarrean bilduta onartu dira. Kaxkoko etxeeteako leihoak berritu, energia aurrezteko etxeak berritu eta etxeetan igogailuak jartzeko, 130.000 euro eskatu zituen alderdi sozialistak, eta Bilduk «partida berria sortzea onartu du, 60.000 eurokoa, hiru puntuak kontuan hartuta. Baina dirulaguntza hauen eskaera bi deialditan banatzea onartu du; etxeak berritzekoa eta igogailuak jartzekoa».
Azkenik, «100 euroko partida irekitzea onartu du Bilduk, Eskualdeko Garapen Agentzia eratzeko, eta partida behar adina haundituko litzateke, Hernaniri zenbat ordaintzea dagokion jakitean».
Baztertuta, gimnasioko makinak berritzea, 3garren hizkuntza ikastea, autonomoentzako laguntza, zinegotzientzako dietak eta poltsa konpostagarriak
Aurkeztutako 20 zuzenketetatik 5, berriz, baztertu egin ditu Bilduk, PSE-EEren esanetan: gimnasioko makinak berritzeko partida haunditzea, «dagoeneko jarrita dagoen kopurua nahikoa delako»; hirugarren hizkuntza bat ikasteko laguntza, «hala nola, ingelesa, frantsesa, alemana, arabea, txinoa...»; Ogasuneko kudeaketarako autonomoentzako laguntza, «Bilduren ustez kudeatzen zaila delako»; zinegotzi ez liberatuentzako dietak; eta poltsa konpostagarriak erosi eta herritarrei banatzea.
Hernani Erabaki prozesuko ideiak, aurrerago
Beste zuzenketa batzuk PSE-EEk berak baztertu ditu, beste modu batera, jasota geratu direlako 2016ko aurrekontu proiektuan. Horien artean, aurrekontu partehartzaileetako prozesuan agertu ziren hiru ideia: Kiroldegiko kafetegian takilak jartzea, Karabeleko parkeko lurra berritzea eta Zikuñagako eskolako behealdea tapatzea: «baztertu egin ditugu, Bilduk proiektu hauek egiteko konpromisoa erakutsi duelako, aurrekontuaren likidazioa egitean hoberakinik geratuz gero».
Alderdi sozialistak atzera egin du, baita ere, ondorengoetan: Leokako labaderoan emakume hernaniarren lana errekonozituko duen mural artistiko bat egitea; Gizarte Zerbitzuetako aholkulari ekonomikoaren sorrera, arazo ekonomikoak dituztenei laguntzeko; Tilosetako urbanizazio lanetarako partida haunditzea; maskotentzako parkea egokitzea; enplegu planerako partida haunditzea; eta Zubipe eta Landare beste toki batean jartzeko ikerketa egitea.
Bestalde, «Bildu eta Podemosen abstentzioarekin onartu zen alderdi politikoentzako asignazioak haunditzea, alkateak bere soldata igo duen proportzioan».
Emaitzarekin pozik
Sozialistak «pozik» geratu dira: «zuzenketa gehienak onartu edo, aldaketekin, sartu dira».