Only days retourn home (Solo los muertos regresan a casa) dokumentala proiektatuko dute etzidamu, larunbatean; Biterin izango da, 19:00etan. Dokumentala Tina Leisch austriarrarena da, 2015ean egina; etziko proiekzioan, gaztelaniazko azpitituluekin izango da ikusgai. Emanaldiaren ostean gainera, zuzendariari galderak egiteko aukera izango da.
Dokumentala Hernanira ekarri dute Newroz euskal kurdu elkarteko kideak, Hernaniko kooperazio taldeak eta Hernaniko Udalak.
Milioitik gora Kurdu bizi dira atzerriratuta Europan
Dokumentalaren sinopsiak hala dio: «Milioitik gora kurdu bizi da atzerriratuta Europan, eta haietako askok ezin dute Turkiako estatura itzuli; saiatuz gero, berehala atxilotuko lituzkete. Bestetik, askatasunaren aldeko borrokalari kurduak, jazarrita bizi dira Europar Batasuneko zenbait herrialdetan, eta terroristatzat dituzte. Dokumentalak borrokalari hauen erretratua egiten du, eta itzuli ezin diren lekuak erakusten dizkigu. Hala ere, ideia demokratiko, multietniko eta feministetan oinarritutako askapen mugimendua aurkezten digu, bere hizkuntza eta kulturaren aldeko borrokarekin batera».