URRIAREN 25ean Andrekalen Sra. Polaroiska artista kolektiboak grabatutako pelikula ostiralean estreinatuko dute. Komanditario berriak programaren barruan grabatu zuten, eta Hernaniko Kalandria taldearentzat eta taldearekin gauzatu zen. Kalandria taldeak, Hernaniko Andrekale kalearen izena zuen abiapuntu, eta ardatz horretatik garatu dute proiektua: «kale zehatz horren izendapena egiteaz gain, aztergai jarri nahi izan dira hiri edo herrietako leku izenak aukeratzean erabiltzen diren irizpideak; eta era berean, emakumeen ikusgarritasun eza salatu nahi izan da».
Azaldu dutenez, prozesu honek bi emaitza uztea da asmoa: «batetik Andrekalen bertan kokatuko den iturri publiko bat, elementu fisiko moduan; eta bestetik, aipatutako ikus entzunezko lana, etzi Tabakaleran estreinatuko dena. Bertan aldarrikatu nahi dira, besteak beste, emakume hernaniarraren kemena, indarra, balentria, dibertsioa eta gozamena».
Autobusa, debalde
Estreinaldia Tabakaleran da, etzi, iluntzeko 19:00etan; sarrera librea da. Hernaniko Berdintasun Kontseiluak Urpa autobusa jarri du debalde; ostiralean, 18:15etan egin dute zita, G2 geltokian (Biteri ondoan).