Azoka jarriko dute larunbat goizean, Foru plazan. Goizeko 09:00etan zabaldu eta eguerdiko 14:00etara, mota guztietako postuak egongo dira udaletxe aurrean, eta denetik erosteko aukera izango dute, azokara bertaratzen diren herritarrek: barazkiak, enbutidoak, gaztak, ehunak, arropak...
Aurrenekoz antolatu du azoka, Astigarragako Udalak: «ekimena alkatetzatik bultzatu da, eta Ferianteen Elkartearekin elkarlanean gauzatu ahal izan da», jakinarazi dute.
«Herria dinamizatzea da ekintzaren helburua»
Azokarekin, herria biziberritzea bilatzen du Astigarragako Udalak: «helburua da, herria dinamizatu eta astigartarrei aisialdi aukera ezberdinak eta berriak eskaintzea. Gainera, Gabonak bertan direnez, azokak eman lezakeen aukera egoki eta interesgarri ikusi du EAJren Udal Gobernuak», azaldu dute.
Larunbat goizean egongo dira postuak, udaletxe aurrean.
«Beste herri batzuetan, oso giro ona sortzen du azokak; hori da lortu nahi duguna»
Beste herri batzuetako azokak hartu dituzte oinarri, eta Astigarragan horrelako bat jartzea oso interesgarri ikusi du Udalak: «beste udalerri batzuetan, azoka tradizio luzea dago, baina gure herrian ez da inoiz antzekorik antolatu. Dakigunez, Hernanin, adibidez, oso giro ona sortzen du herrian. Eta horixe da, hain zuzen ere, Astigarragan lortu nahi duguna», adierazi du Jesus Mari Santos alkateak.
Astikorekin, hitzarmena
Bestalde, elkarlanerako hitzarmena sinatu berri dute Astigarragako Udalak eta Astikok, herriko merkatarien eta ostalarien elkarteak. Akordio honekin, helburua da «herriko komertzio txikia indartzea. Astigarragan halako azoka bat antolatzeak, herriko dendetan izango duen eragina ezagutu nahi dugu», dio Santosek.