ERRIGORA egitasmoa aurrera eramateko Hernanin sortu zen lantaldeak bilera deitu du etzi, ostegunean. Azpimarratu dute, 2012tik Hernaniarrek indartsu erantzun dutela Errigorak antolatutako kanpaina guztietan, baina martxa horri eusteko, Hernanin boluntario gehiago behar dituztela: «Hernaniko enpresa, elkarte, ikastetxe eta eragile askok lagundu izan dute orain arteko kanpainetan. Hernaniko Udalak, era berean, laguntza eskaini du banaketa egin ahal izateko. Orain ordea, erritmo horri eusteko boluntario gehiago behar ditugu».
Bide horretan, bilera deitu dute etzi, ostegunean: «horretarako deialdi ireki bat planteatu dugu abenduaren 17an, 19:00etan Biteri Kultur Etxeko sukaldean. Bertan, egitasmoari buruzko informazio zehatzagoa emango zaizue». Era berean, gogoratu dute Errigorari esker eman diren hainbat pausu, tartean: «Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarentzat kanpainaren %25a bideratzea; auzolana izatea ekoizle eta kontsumitzaileen arteko bitartekari; gero eta ekoizle nafar gehiagok begiratzen diola Euskal Herriko plazari eta gero eta euskal herritar gehiagok begiratzen diela Nafarroa hegoaldeko produktuei...».