Azkeneko komeriak zirela eta, ohikoa den antzera berandu atera ginen. Horrela, bada, udazkeneko egunik lanbrotsuenaren babesean abiatu ginen Sarara.
Gure odisea motza izan zen, ordu eta erdikoa gutxi gorabehera, edo beste modu batean esanez: konpainia onean bi txiste, lau istorio eta hamaika barre.
Inoiz egon ez nintzen toki hori ikustean liluratuta gelditu nintzen. Dena zen argia. Argiak larrea ukitzen zuen ohikoa ez den lotsa batez eta ihintzaz jantzirik bere makurrik ederrenak erakusten zizkigun berde kolorez. Herria ez genuen gehiegi ikusi geldialdi hartan, baina geroxeago itzuli ginen.
Lehenik, ‘Ortillopitz’ bisitatu genuen, hiru mende dituen baserria. Dakigunez, etxeko biztanleek etxearen izena hartzen zuten eta etxeak lekuaren izena. Hemendik ere Inkisizio Santua pasa zen; horregatik, Ortillopitzeko 13 urteko neskatxa batek jasan zituen bere azalean infernuko suaren hotza, eta gainera, bere baserria ere eraitsi zuten; hain zuzen ere, beraren gainean eraikia da 1.660 urtean.
Saran gure literaturako erreferente nagusienetako bat bizi izan zen: Pedro Agerre Azpilikueta ‘Axular’. Sarako Eskola sortu eta partaide izateagatik da ezaguna, baina baita lapurtera klasikoan idatzitako Guero liburua idazteagatik ere. Axular Sarako erretore izan zen eta herrira jaitsi ginen bere eliza ikustera.
Jainkoaren etxea guztiz soila zen kanpotik, kolore edo apaingarririk gabe. Eliza 2003an erre bazen ere, orain berreraikia dago. Eta horrela, behin gorpu eta gorputz izan ziren errautsak zapalduz, eliza barnera sartu ginen. Hitz barik gelditu nintzen. Ez naiz ausartuko hura zerua zela esaten, baina bertako lasaitasuna ez du inola ez hegazkin batek hautsiko. Dena zen armoniotsua, paretetako eskultura eta irudiak izan ezik, eta Axularrek ezarritako zuhurtasun eta gogortasuna guztiz irudikatzen zuen. Gora begiratu eta ohikoa ez dena ikusi nuen, itsasontzi baten barrualdearen antzekoa. Izatez, azaldu zigutenez, zonalde horretako baserri eta etxe gehienen antzera, itsasontziak egiten zituzten pertsonek egiten zituzten eraikinak eta itsas teknikak lurrean ere erabiltzen zituzten. Paretetan ere baziren (sermoia botatzeko tokia eta jendeak etzutekoa) egur ilunez eta apaindura ia ikustezin batzuekin elizari berotasun apur bat ematen ziotenak.
Elizaren bisitak 30min inguru iraun zuen eta 12:30ean atera behar genuenez, astia utzi ziguten. Pertsona askok herria ikusi nahi izan zuten, bere etxe txuri eta leiho gorriko kaleak zeharkatu edo bertako gozotegian pasteltxoren bat hartu. Talde txikitxo batek pilotan jokatzea erabaki genuen, ezker pareta ez zuen frontoiean. Pareta faltan bota genuen arren, berdin gozatu genuen.
Denbora bukatuta, autobusean sartu eta Hernanira abiatu ginen esku puztuekin. Itzulera oraindik motzagoa egin zitzaidan muino berde perfektu haiek eta bertako etxe txuri leiho gorridun haiek agurtuz, erdi lokarturik.
Intza Iraola