San Joan Bataiatzailea parroki elizan hasi dituzte kapilla berria osatzeko lanak. Hain zuzen, Zikuñagako Ama izeneko kapera izango da. Juan Luis Aperribai parrokoak adierazi duenez, orain dela hilabete inguru hasi ziren lanekin eta oain arte egin den langintza, garbiketara eta denboran zehar egin diren eranskinak desegitera zuzendu da. Lurzorua berdintzen ari dira. Ondoren, harlandua garbitzekotan dira.
Lanen bukaera-data ere finkatua dago. «Ostegun Santu gauez 37 urte beteko dira Zikuñagako Andre Mariaren irudia ermitatik desagerrarazi zutela, eta egun horrexetan izango da kapera berriaren inaugurazioa», azaldu du.
Kolunbarioan ia 300 nitxo egingo dira.
Kolunbarioa eta otoitz lekua
Kapilla berri honetan, tokia egingo zaio Zikuñagako Amaren irudiaren erreplikari, zor historiko-kulturala kitatzeko asmoz, eta horrez gain, kolunbarioa eta otoitz lekua sortuko dira, elizarekin integratuta.
Nitxoak erosteko aukera
Kolunbarioa da hildakoen errauts-kutxatilak uzteko espazio sakratua. Kolunbario honetan, ia 300 horma-hilobi edo nitxo egingo dira. Eta horma-hilobi bakoitzak 2/4 kutxatilentzat izango du edukiera. Kolunbarioa diru-iturri izango da, obra autofinantzatzeko, eta herritarrek aukera dute nitxoak erosteko. Nitxo bakoitzak 2.000 euro balio ditu, eta urteko mantenuaren kuota 50 eurokoa da. 30 urtez erabili ahal izango dira.