«Laugarren postuan egotea eguneroko lana ondo egitearen ondorioa da, ez digu inork ezer oparitu»

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 5a, 01:00

- ESTITXU NEIRA MARTINEZ - 

Igor San Miguel da irailetik Realeko nesken entrenatzaile berria. Astigartarra Munda­rro­ko Ohorezko Jubenilak zu­zen­tzetik iritsi da Realera. 
Kazetaria da ikasketaz eta komertzial lanbidez, baina futbolarekin uztartu izan ditu beti. Realaren harrobitik ate­ra zen, ondoren, Real Union, Recreacion, Zamora eta Lo­gro­ñesetik pasa zen. Bere entrenatzaile ibilaldian, Zamo­ra, Berceo eta Mundarro bezalako taldeak gidatu ditu.

Hiru hilabete egitear da entrenatzailea Errealeko nesken taldean, hamar jardunaldi jokatu dituzte dagoeneko eta 22 punturekin sailkapenaren bu­ruan lehian egotea lortu dute, laugarren postuan hain zuzen ere. 

Asteburu honetan partida be­rezia izango dute, larunbatean 12.15etan, Athletic-eko nesken aurka jokatuko baitute Le­zaman.

Nolakoa izan zen eskain­tza egin zizuteneko une hura? 
Izugarrizko ezustekoa. Zortez eta kasualitatez Unai Gazpio, aurreko entrenatzailea, eta biak institutuan gelakideak izandakoak gara. Beraz, lehenengo deia hari egin nion, eta berekin bildu nintzen. Ondoren, emakumezkoen futbolean esperientzia duen beste hainbat pertsonekin ere bildu nintzen; eta informazioa emateaz gain, denek animatu ninduten baiezkoa ematera. Mentalizatzea kostatu zitzaidan arren, proiektuarekin aurrera egitea erabaki nuen, eta oso pozik nago hartutako erabakiarekin.

«Nere ilusioa talde ahaltsuei gertutik jarraitzea da» 

Zein da zuretzat, emakumezko eta gizonezkoen futbolen arteko ezberdintasun nagusia?
Alderik nabarmenena fisikoa da. Lehenengo momentutik txip aldaketa egin behar izan nuen, gizonezkoekin abiadura eta fisiko maila konkretu batera ohitua nengoelako. Le­henengo aldaketa garrantzi­tsua hori izan zen, euren ezaugarrietara egokitzea.

Asko kostatu zaizu entrenamenduetako metodologia emakumeen futbolera egokitzea?
Ez, entrenamendu oso antzekoak egiten ditut. Modu ezberdinean lantzen dudana alde pertsonala da. Emakumezkoek beste sentsibilitate mota bat dute; eta horrek, exijentzia maila altuagoa eskatzen du alde indibidualari dagokionez. Gizonezkoak horretan sinpleagoak gara. Beraz, zelaitik kanpo gauzak esateko moduari gehiago erreparatu behar izaten diot, eta goxotasun handiagoz tratatu behar izaten ditut. Baina esan bezala, euren ezaugarrietara egokituta, zelaian bai alde teknikoan eta baita exijentzia aldetik ere berdin tratatzen ditut. Nire ustez, gainera, horrela izan behar du, eta momentuz ongi doakigu.

«Oso maila parekatuan iritsiko gera Athletic-en aurkako derbyra, euskal futbol femeninoaren festa izango da»  

Kazetari izanik are gehiago, zer iritzi duzu emakumezkoen tratuaz hedabideetan?
Pixkanaka urratsak ematen ari dira, nahiz eta oraindik ere oso urruti gauden gizonezkoenarekin alderatuz. Esaterako, Oiartzunen aurka partida izan genuenean, derby gipuzkoarra alegia, aste horretan partidak sekulako oihartzuna izan zuen hedabideetan. Z 7 zelaian jokatu genuen, eta historian izandako sarrerarik onena izan zen hura. Gipuzkoar futbol femeninoaren festa izan zen, eta horrela ospatu genuen. Beraz, ikusten dugu hedabideak inplikatuz gero, ondorioak lortzen direla, baina horretarako, gi­zar­teak ere eman behar dio bultzada. 

Oso hasiera ona izan duzue denboraldi honetan, zein da zure balorazioa?
Ni beste mundu batetik natorrela esan dezakegu, gizonezkoen futboletik alegia, eta berria naiz honetan; baina lankideek esaten dutenez, aurreko urteetan hasieratik egutegi txarra izan dute. Hori dela eta, lehen partidetan atzealdean sartu dira punturik gabe, horrek,  alde psikologikoan zama handia suposatzen du eta oso zaila da  horri buelta eman ahal izatea. Aurten, hori guztia erabat ezberdina izan da.

«Gure ahulezirik nabarmenena gainditzea lortu dugu, hau da, baloi geldiko jokaldietan arriskua eta golak saihestea»

Beraz, goiko postuetan lehiatzearen arrazoia egutegian izandako zorte ona dela esango zenuke, ala beste sekreturen bat dago emai­tzak hain onak izateko?
Ez dagokio faktore bakar bati. Hau da, aurten,  zazpi fitxaketa berri egin ditugu, entrenatzailea ere berria da eta egutegiak ere lagundu du puntuak lor­tzen. Ongi hasteak  konfidan­tza eragin digu, sinestu dugu posible dela goian egotea, eta rutina horretan sartuta lan gogorra egin dugu.  Hamar jardunaldiren ondoren laugarren postuan egotea ez da kasualidadea, eguneroko lana ondo egitearen ondorioa da, ez digu inork ezer oparitu. 

Hamaikakoan aldaketa ugari burutzen ari zara denboraldi hasiera honetan, zein da zure estrategia?
Hogeita bat jokalariak taldeko parte aktibo sentitu daitezen nahi det, eta horretarako, aukerak eman behar dira. Ia denek egin dute debuta jada, denek 90 minututik gora jokatu dituzte. Garrantzitsua da taldeko lana bultzatzeko denek parte har dezaten. Baina noski, errendimenduari, futbolari eta emaitzei begiratu behar zaie, eta denek ez dute maila bera ematen. Beraz, aurrerantzean, %70-80 bati emango zaie jarraipena. Eta zaila den arren, saiatuko naiz %20-30 hori ere partaide sentiarazten. Orain arte ondo daramagu, baina noski, batzuk pozik egongo dira, besteak aldiz, ez hain kontentu. Hori, esaten duten bezala, soldatarekin doa, eta profesionaltasunean saihestu ezina da.

«Emakumezkoak entrenatzeak arlo indibiduala gehiago lantzea eskatzen du, sentsibilitate haundiagoa baitute »

Zein esango zenuke dela talde bezela dezuen ahulezirik han­diena?
Denboraldia hasi zenean, zalantzarik gabe baloi geldiko jokaldietan genuen ahulezia. Gol gehienak horrela egin zizkiguten, eta golak egiten ez bazituzten ere, aukera asko sorrarazten zituzten jokaldi horietan. Hori lantzen saiatu gara, jardunaldi batzuetatik hona aldagelak konpromezua hartu du hori sahiesteko eta hobetu dugu, joera hori pixka bat moztea lortu dugu  Teneriferen aurkako partidan izan ezik, bi gol egin baitzizkiguten modu horretara; bat zuzenean, eta bestea konsekuentziaz, baina hura partida arraroa izan zen. Hori alde batera utzita, akats hori gainditzea lortu dugu.

Oiartzunen aurkako derby gipuzkoarra jokatu duzue jada, eta asteburu honetan Athleticen aurkako derbyaren txanda izango da Lezaman, berezia izango da zuretzat?
Bai, Oiartzunen aurkako derby gipuzkoarra oso hunkigarria izan zen bi talde gipuzkoar lehen mailan izateagatik eta giroan somatu zen. Bereziki, neskek gozatu zuten. Orain­goan ere, Athletic-en aurkakoarekin, euskal futbol femeninoaren festa biziko degula deritzot. Lezamara joan nintzen Bartzelonaren aurkako partida ikustera, eta zale asko eta asko bildu ziren. Gipuzkoatik ere, jende asko joango dela uste dut, historikoki derby honek duen xarmarengatik; eta gainera, maila oso parekatuan iritsiko geralako partidara, eta horrek oraindik ere interesgarriagoa egiten du. Beraz, partida polita ikusiko dugula uste dut.

«Zelaian emakumezkoak eta gizonezkoak berdin tratatzen ditut, bai alde teknikoan eta baita exijentzia mailan ere»

Jardunaldi asko falta diren arren, goiko postuetan lehian egonik, eta jada taldea ongi ezagututa, noraino hel zaitezketela uste duzu?
Nere ilusioa talde ahaltsuei gertutik jarraitzea da. Baina, jakin badakit taldeak erabat ezberdinak direla. Talde horiek, goi mailako jende asko dute, guk ez ditugu aukera berak, horregatik, maila eustea ez da erraza izango. Hala ere, esan bezela, hamar jardunaldiren ondoren laugarren postuan gaude, eta liderretik ez gaude hain urruti, 6 puntutara, alegia. Ezingo bagenu erritmoa jarraitu, bigarren helburua atzekoekin ahalik eta alderik handiena ateratzea izango litzateke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!