Hernaniko Kontrakantxa gaztetxeak 9 urte betetzen ditu aurten eta urteurrena ospatzeko festa antolatu du Sutu Hernanik. Egun osoko festa izango da.
Altxorraren bila jolasarekin berotuko dituzte motorrak. Tilosetatik abiatuko dira 11:30etan. Ondoren, bazkaria izango dute zain. Eta ez dute nolanahiko menua prestatu: fideua, oilaskoa saltsan (begetarianoentzako hanburgesa eta perretxikoak), txokolate kopa, kafea eta kopa. Bazkariarekin batera, kamixeta eder bat ere banatuko dute. (Bazkariko txartelak aurrez erosi behar ziren).
Arratsaldetik aurrera, musika protagonista
Bazkal ondoren, kalejira musikatua antolatu dute eta gauean ere, musika izango da protagonista. Gaueko 22:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira gaztetxean eta DJa goizaldera arte.
Herritar guztiak gonbidatuta
Sutu Hernanitik herritar guztiei luzatzen diete gonbidapena, parte hartzeko: «Kontrakantxa Gaztetxea denona denez, gonbita egin nahi diegu herritar guztiei guretzako berezia den urteurren honetara etortzeko. Guretzat poz haundia litzateke gaztetxea beteta ikustea, zuek ere parte sentitzen zaretela eta proiektu honetan sinesten duzuela ikustea litzatekeelako».