EGILEA: PATZIKU PERURENA LOIARTE
Goizuetan hala omen zen esanera garai batean: «Elurra bazen, musika Plazenen». Herri musikan, familiarik nabarmenena izan baitzen navarrotarrona. Behar bada, aurreneko familia eskolatua ere bai. Pianoa ere izaten baitzen Plazenen. Badakigu sasofoia, klarinetea, txistua, atabala eta beste jotakoak ere izandu zirela familian, baina, artikulu hau bereziki Pio zenari eskainiko diot, aipatu gabe geldituko zaizkidan beste atabalero guzien ohoretan.
Aurreneko aldiz, hamar urte besterik ez zituela, anaiarekin atera zen 1908ko martxoaren 20an, Arbolaren egunean, eskolako beste mutikoak alaitzera: “64 chicos de diferentes edades se presentaron para las siete de la mañana en la plaza con sus pequeñas azadas… entre ellos Aniceto y Pio Navarro que tocaban música con clarinete y tambor”.
Baina, 1909ko amabirjinetan, auskalo zergatik, ezezkoa eman zuten Madaleneko bi mutikoek, zezenetako garaian ez zutela joko. Hurrengo urtean eta hurrenekoan ere, Maleneko gazteek alaitu zuten, ordea, herria festetan: “padre y tres hijos de Magdalena y teniendo en cuenta que uno de los instrumentos para dichas fiestas han comprado por ochenta pesetas se acordó abonarles cien pesetas”.
Pioren alaba Joanitak, egun Urnietan bizi denak, argitu dit ederki orduko giroa: «Malenen bizi emen zian, ta andik gotti soñua yoz etortzen emen zen atta iru semekin: Anizto, Bruno ta Pio. Orik atta seminarista izandua emen zuten, musika asko zekina, ta ark sartua izaten emen zuten musika itxen».
Horra argitu Maleneko musika eskolaren iturria. Gero, beste hamarren bat urtean edo (1915-1924), kanpoko bandak etorri ziren Goizuetako festak alaitzera, batez ere Hernaniko banda. Hona orduko argazkia, Brunoren semeak bere borondate osoz argitu dizkidan datuokin hornitua (goikoa).
Pioren alaba Joanita: «Malenen bizi
emen zian, ta andik gotti soñua yoz etortzen emen zen atta iru semekin»
Goizuetako banda berritzeko saiakera
1936ko gerra zibila piztu artean, Kaperoko Benardorekin joko zuen batik bat atabala Piok. Baina, 1931n, Goizuetako banda berritzen ere saiatu zen. Hala egin zion behintzat proposamena Udalari:
“Pio Navarro propene organizar nueva banda de música con los Instrumentos del Ayuntamiento trayendo de fuera los indispensables para reforzar con dichos elementos forasteros (…) se acordo por unanimidad aceptar la proposicion del Sr Navarro, sin que se exceda de las 700 pts destinadas para la música”.
Herriko Etxean saldu gabe gelditu ziren musika tresnak aprobetxatuz, berriz beste talde gaztea osatu bazen ere, ez zuen lehengo bandaren itzalik eta gutxiagorik ere egin herrian. Eta, beti bezalatsu herriko txistulariekin segituko zuen atabala jotzen Piok. Halaxe ageri baita behin eta berriz, Kaperoko Bernardorekin batera:
1931: Pio Navarro y Bernardo Oyarzabal 30 pts por amenizar el tamboril y chistu los domingos.
1934: Pio Navarro y Bernardo Oyarzabal 350 pts por amenizar el tamboril durante los domingos.
Azken aipamena, ‘Incansables’ bandarekin
Hurrena, 1936eko gerra zibileko ilunaldiaren ondoren, han nonbait 1941-1945 urte bitartean Errenteriko Incansables banda etorri zen Goizuetara, abuztuko amabirjinak alaitzera, eta haiekin ere jo zuen Piok. Azkeneko aipamenak ere orduxekoak baititu udal artxiboan, festetan bandarekin zebilela atabalaren larrua hautsi zuenekoak: “1944: Pio Navarro: 10 pts por dos parches y arreglo de la caja viva”. Handik aurrera, ez da ageri Pioren aipamenik udal artxiboan. Eskerrak ordea, Anizeto Malenekoak, ez daukan ahaztua aita zenaren grazia eta umorea: «Ora redoblea yotzen asitzen zenen, ez yuen ziri muturrik kusi re itten. Bandoa re gure attak yotzen zien. Urrutineko koskan yarrita; ta azkenen, andrek sur aundi samarra nola baitzun: gure txatitak ollosalda erra an daukila eltzen, ta tortzeko artzera!».
Aurrekoan txistulariekin bezala, oraingoan atabaleroekin ere, mordoska gaitza gelditu zait zakuan: Patziku Ontsari, Atabaleron borda, Joan Mari “Porroxta”, Fermiñeneko “Muttilla”, Lorentxo Apezetxea, Pio beraren ikasle izanduak: Pako Errenekoa, Antton Donfermingoa… Baina orri batean ezin sartu denak. yy