Ez du erronka makala bihar, Hernanik. Euskal Herriko kluben txapelketa ari dira jokatzen eta Hernanik Gasteizko Zaramagaren kontra neurtu behar ditu indarrak. Joaneko partiduan 3-0 galdu zuten, eta beraz, sorpresa eman beharko du Hernanik, eta alde berarekin irabazi. Gainera, bi baja izango dituzte etxekoek: Arrieta eta Lizeaga lesionatuta daude. Partidua Kiroldegiko pelotalekuan jokatuko da, goizeko 11:00etatik aurrera.
Banaka, 4/5 modalitatean, Ojuelek Larrañagaren kontra neurtuko ditu indarrak. Partidu ikusgarria izatea espero da, bi pelotariak espezialistak baitira distantzia honetan.
Eskuz banaka, Oier Apezetxeak Unai Albaradoren kontra jokatuko du. Pelotari arabarra Gravni txapelketako irabazlea da, baina Apezetxeak hortzak erakutsi zizkion joaneko partiduan; 18-17 galdu zuen.
Azkenik, binaka, Iñigo Urkizuk eta Eneko Aizpitartek, Mikel Rafael eta Agirreren kontra neurtuko dituzte indarrak. Partidua oso berdindua espero da, eta nekea klabea izan daiteke.
Pelotazaleei, deia
Klubak dei egin die pelotazaleei asteburuan kiroldegira gerturatu eta animatzeko.
Txapelak ihes, puntu batengatik
Huarteko Torneoko finala jokatu zuen Paul Ojuelek Eneko Yoldiren kontra, eta puntu bakarreko aldeagatik galdu zuen: 22-21. Huarteko txapelketa da 4/5 modalitatean, ospetsuenetako bat. Pelotalekura gerturatu zirenek partidu ikusgarri batekin gozatzeko aukera izan zuten. Ojuel aurretik jarri zen markagailuan, 4-0 eta 11-8; Yoldik ez zuen amore eman, eta buelta eman zion 13-17. Ojuelek erreakzionatu eta, 17-17 berdintzea lortu zuen. Handik aurrera, pelotari nafarrak zortea aldeko izan zuen, eta baita azken emaitza ere.