Datozen igandean, abenduaren 20an, hauteskunde orokorrak deitu ditu Espainiako Gobernuak. Urumea bailarako herritarrek Espainiako Kongresu eta Senaturako hautagaiak aukeratu beharko dituzte. Gipuzkoarrek, hau da, Astigarraga, Hernani eta Ereñotzuko herritarrek, 11 alderdiren artean izango dute botoa emateko aukera; Nafarroan bizi diren goizuetar eta aranoarrek berriz, 12 alderdiren artean aukeratu ahal izango dute.
Botoa ematera bailarako 20.200 herritar inguru daude deituta. Hauteskunde hauetan ere, eskolek goizeko 09:00etan zabalduko dituzte ateak, eta herritarrek iluntzeko 20:00ak arte izango dute botoa emateko aukera.
Gipuzkoarrek 11 alderdiren artean bozkatzeko aukera dute; nafarrek berriz, 12ren artean.
Senatu eta Kongresurako senatari eta diputatuak aukeratuko dira
Hauteskundeetan Espainiako Kongresu eta Senaturako hautagaiak aukeratuko dira; hau da, Espainiako Gorte Nagusietako ordezkariak.
Kongresua 350 diputatuk osatzen dute, eta horietatik 6 gipuzkoarrek aukeratuko dituzte; eta 4 nafarrek.
Senatua berriz, 208 senatarik osatzen dute; kasu honetan, bai Gipuzkoan eta baita Nafarroan ere 4 ordezkari aukeratuko dira.
Espainiako Kongresua 350 diputatuk osatzen dute; eta Senatua 208 senatarik.
Zer dira Gorte Nagusiak, Kongresua eta Senatua?
Espainiako Gorte Nagusiak Kongresuak eta Senatuak osatzen dituzte; hauek dute botere legegilea; Gobernuak aldiz, botere betearazlea izango du; eta azkenik, epaileek, botere judiziala.
Diputatuen Kongresua da gobernua eratzea ahalbidetzen duena.
Aipatu bezala, Diputatuen Kongresua da Gorte Nagusietako kameretako bat. Kongresua da, Gobernua eratzea ahalbidetzen duena; eta Kongresua da aurrenekoa, hartuko diren erabaki guztiak ezagutzen, hala nola, proiektu legegileak edo estatuaren aurrekontu orokorrak; baita ere, kongresuak onartu edo baztertuko ditu senatuaren zuzenketa edo betoak.
Senatuari dagozkion betebeharren artean daude: legeen onarpenean parte hartzea, Nazioarteko Tratatuak aurrera eramateko erabakietan parte hartzea, Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzea, Gobernuari kontrol politikoa egitea, eta interes orokorreko kasuetan informazioa ematea, eta estudio eta ikerketak egitea.
Marian Beitialarrangoitia da EH Bilduko zerrendaburua, Gipuzkoan
Hernaniko alkate izan zen Beitialarrangoitia 2007-2011n.
Jaiotzez legazpiarra bada ere, azken hamarkadetan Hernanin bizi da Marian Beitialarrangoitia, EH Bilduk Gipuzkoan duen zerrendaburua. Egin irratiko eta Euskadi Irratiko esatari izandakoa da besteak beste, Beitialarrangoitia. Politikari gisa ANV alderdiarekin hasi zuen ibilbidea; Hernaniko alkate izan zen 2007-2011 legegintzaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Komunikazio Zuzendaria izan zen ondoren. Eta azken hiru urteak Gasteizko Legebiltzarrean eman ditu.
Aurkeztu diren alderdiak:
GIPUZKOA
1. Ciudadanos
2. EAJ-PNV
3. EH BILDU
4. IU-UPeC
5. Ln
6. PACMA
7. Podemos-Ahal dugu
8. PP
9. PSOE
10. Recortes Cero-Grupo verde
11. UPyD
NAFARROA
1. Ciudadanos
2. EH BILDU
3. GBai
4. IU-B-UPeC
5. Ln
6. PACMA
7. PSOE
8. PODEMOS
9. Recortes cero-Grupo verde
10. SAIn
11. UPN-PP
12. UPyD