EGILEA: LIDE REKONDO URKIA
Gaur eta bihar egingo diren azterketek itxiko dute aurtengo Osakidetzako EPEa. 55.000 pertsona inguruk bete zuten izen-ematea; horietatik 6.000 pertsonek hartu zuten parte Donostian egin zen oposaketen lehenengo jardunaldian; beste guztiak asteburu honetarako daude deituta.
Bi egun hauetan Barakaldoko BECen elkartuko dira zelariak, erizainak, erizain laguntzaileak eta administrari laguntzaileak. Guztira 1.014 lanpostu finko daude jokoan. Azterketa egingo dutenen artean daude Andoni Oiartzabal, Eva Uzkudun eta Mirari Duarte hernaniarrak.
ANDONI OIARTZABAL - zelaria eta administrari laguntzailea
«Lehenengo aldiz ari naiz azterketa serio prestatzen»
Administrari laguntzaileen ordezkapen-zerrendetan dago jada eta, oraingoan, zelarienean sartzen saiatuko da.
andoni Oiartzabalentzat Osakidetzaren oposaketak ez dira berriak. Lehenengo aldiz 2006ean aurkeztu zen administrari laguntzaile bezala Osakidetzan lan egiteko asmoz, 2008 eta 2011n esperientzia errepikatu, eta aurten inoiz baino gogo gehiagorekin egingo du azterketa deialdi berberean. «Lehenengo aldia da, ordea, zelarien deialdian parte hartzen dudala», dio Oiartzabalek.
Zergatik aurkeztuko zara oraingoan?
Lehenengo deialdietan proba moduan aurkeztu nintzen, baina, lan finkoa nuenez, lan poltsatik deitzen zidatenean ezezkoa ematen nuen. 2012an, aldiz, langabezian nengoen eta, orduan, lehenengo aldiz hasi nintzen zerrendetatik deituta Osakidetzan lanean, Donostiako Ospitalean. Geroztik, hainbat osasun zentrotan egin dut lan ordezkapenak egiten, beraz, batzuetan lanik gabe pasatzen ditut denboraldiak. Horregatik, aurten ere aurkeztea erabaki dut. Gainera, lehenengo aldiz ari naiz serio prestatzen.
«Lanean asko eta asko gara oposaketan parte hartuko dugunak, horregatik, hizketagai nagusia izaten da hau».
Zein da zure helburua deialdi berri honetan?
Nire helburua emaitza ona ateratzea da, ordezkapen zerrendetan hobeto gelditzeko eta lanerako aukera gehiago izateko. Nik oso denbora gutxi daramat Osakidetzan, beraz, argi daukat plaza bat lortzeko aukerarik ez dudala. Jende askok urteak daramatza lanean, beraz, esperientziarengatik puntu asko lortuko dituzte, hori bai, horiek kontuan hartzeko lehenengo azterketa gainditu behar dute.
Noiz hasi zenuen prestaketa prozesua eta nola antolatu dituzu ikasketak?
Izena eman orduko hasi nintzen oposaketaren kontuarekin. Aurreneko lana gai zerrenda ikusi eta ikasteko materiala bilatzea eta pilatzea izan zen. Hori guztia egin eta gero, poliki-poliki hasi nintzen begirada bat ematen gai guztiei. Hala ere, irailetik aurrera hasi naiz serioago ikasten. Hori bai, lanak uzten didan orduetan.
«Inoiz baino gai zerrenda luzeagoa dago aurten; bolumena haundiagoa da, eta hori nabaritu egiten da».
Ikasketa lanarekin bateratzea erraza al da?
Ez da erraza, ez. Hasteko, ordezkapenetan gabiltzanoi egun batetik bestera aldatzen dizkigute lantokiak eta ordutegiak; horregatik, kosta egiten da aldaketa horien barruan ikasketa-orduak antolatzea. Ordezkapena luzea den kasuetan, ordea, errazago antolatzen ditut orduak eta eramangarriagoak izaten dira ikasketa lanak ere.
Beste eragozpena lanean dagoen giroa da. Asko eta asko gara oposaketan parte hartuko dugunak, horregatik hizketagai nagusia izaten da hau. Hori ere neketsua izaten da, eta urduritasuna ere areagotzen du.
Aurten, gainera, inoiz izan den gai-zerrenda luzeena da, inoiz baino gai gehiago, eta bolumena ere askoz handiagoa da, eta hori ere nabaritzen da lan giroan.
Aurrerago bere burua oposaketetara aurkeztu nahi duen bati zer gomendatuko zenioke?
Pazientziarekin hartzeko.
EVA UZKUDUN - erizain laguntzailea
«Baldintzak berberak izan behar dira denontzat»
Lanean dago egun, baina lanpostu finkorik ez duenez «lan poltsan jarraitzea» du helburu.
Eva Uzkudunek «oposaketetan aditu» gisa deskribatzen du bere burua barre artean: «Osakidetzan hainbatetan aurkeztu naiz, baina baita Hezkuntzan eta Udaletxean ere». Orain ordezkapen luze bat egiten ari da erizain laguntzaile bezala eta argi eta garbi adierazi nahi du Osakidetzako oposaketetan denek ez dutela baldintza berberetan parte hartzen.
Zergatik aurkeztuko zara oraingoan?
Ni lanean nago, baina ez daukat plaza finkorik, bakante bat betetzen dut. Horregatik, zerrendetan egotea interesatzen zait eta urte askotan oposaketetara aurkeztu naizenez, zerrendetan jarraitzeko behartuta zaude deialdia egiten duten bakoitzean aurkeztera. Aurreko zerrendak desagerrarazi eta oposaketa berrien emaitzekin zerrenda berriak egiten dituztelako.
Asteburu honetan egingo den EPEarekin espero duzu?
Egoera zaila da. Osakidetzak berak bertan lan egiten dutenek jarrai dezaten egiten du, beren nahia da zerrendak Osakidetzako jendearekin egitea. Ez dute jende berria nahi, horregatik esperientziak kontatzea nahi dute, azterketa gainditu edo ez ganditu arren. Gainera, EPEa pasata, dekretuak ateratzen dituzte jada Osakidetzan daudenei puntuaketa berritzeko, eta “kanpokoak” garenok ez daukagu aukera hori, eta EPEra aurkeztu aurreko egun arte soilik puntuatzen du esperientziak. Horrela oso zaila da lanean hastea. Eta euskararekin gauza bera gertatzen da, Osakidetzakoa izan eta maila ez daukatenek urtean zehar ikasi eta puntuaketa berritzeko garaian aurkeztu dezakete puntuaketa altuagoa izan eta zerrendetan gora egin ahal izateko. Horretarako aukerarik guk ez dugu. EPEak enplegu publikoa dela esan nahi du, hau da edozein aurkeztu daiteke eta hori ondo dago, baina nik aldarrikatu nahi dudana da baldintzak berdinak izan behar direla denontzat.
Noiz hasi zinen prestaketa-lanekin?
Ni gogoz hasi nintzen irailean pixkanaka-pixkanaka prestatzen, baina ez egunero. Orain bai, ordea, egunero pixka bat irakurtzen dut; hala ere, badakit ez didala dena begiratzeko denbora emango, gai-zerrenda oso luzea delako. Egia esan, gogoa gutxitzen ari zait gaiak irakurtzen noan heinean. Orain, adibidez, bihotzaren funtzionamendua ikasten ari naiz eta ni ez naiz medikua. Nire lanarekin zerikusia duten gaiak oso gutxi dira.
Nola antolatzen zara ikasteko?
Lehenengo irakurtzen hasten naiz eta, bitartean, eskemak egiten joaten naiz. Suposatzen da eskema horiek erabiliz gero ikasten jartzen naizela, baina oraingo honetan pausu hori saltatu egin dut. Horrez gain, webgune bat atera dute eta bertan, azterketa pila daude gaika sailkatuta, orduan, oraingo honetan egin dudana izan da; irakurri, eskema eta azkenik, azterketa egin. Eta honekin, gaia “ikasia” balitz bezala ematen dut. Gainera, lan guzti hau egiteko Biteriko ikasgelara etortzen naiz pare bat orduz, etxean ezin dut beti dagoelako zerbait: haurra, txakurra, etxeko lanak...
Zer gomendatuko zenioke etorkizunean oposaketa batetara aurkezteko intentzioa daukan bati?
Abenduan oposaketa hauek bukatu eta urtarrilean hurrengoak prestatzen hasteko.
MIRARI duarte - erizaina
«Legeriari buruzko gai gehiegi sartzen ari dira»
Gaur egungo egoera ikusita, «deialdi guztietara aurkeztea» animatzen du jendea, batez ere, gazteak.
Mirari Duartek lanpostu finkoa du Hernaniko Zaharren Egoitzan erizain laguntzaile gisa. Hala ere, erizaintzako ikasketak ere baditu eta azken urtetan erizain dabil egoitza berean ordezkapenak egiten. Oposaketa batera aurkezten den zortzigarren aldia da: «Hasieran bietara aurkezten nintzen, Erizaintzako deialdira eta Laguntzailekora, baina 2001ean lanpostu finkoa lortu nuenetik erizaintzakoa bakarrik egiten dut», azaldu du Duarte berak.
Zergatik aurkeztuko zara oraingoan?
Behintzat lan-poltsan egon nahi dut. Ez dut ezer ikasi, baina epe motzera Zaharren Egoitza diputazioak kudeatuko du eta ez dakit zer gertatuko den nire erizaintzako lanpostuarekin, beraz, Osakidetzako atea irekita utzi nahi dut. Hemengo esperientziak, euskarak eta urtetan egindako ikastaroek puntuatzeko aukera ematen didate, orduan, gaindituz gero, lan poltsan postu on batean gelditzeko aukera izango nuke.
Bestalde, ikusten dut hemengo lanean baditudala onura batzuk, baina Osakidetzan lan-karga desberdina da eta lanpostua edozein arrazoiengatik ezin baduzu bete, barne-mugikortasuna askoz ere errazagoa da Osakidetzan.
Zein da zure helburua deialdi berri honetan?
Lehen esan dudan bezala, nire helburua lan poltsan jarraitzea da, baina nire kasuan lanpostu finkoa lortuko banu, Osakidetzara joango nintzake Hernanin ordezkapenetan nabilelako Erizaintzan, niri gustatzen zaidan lanbidean. Baina, honekin ere Diputazioa etortzean zer egiten duen pendiente nago.
Baina, badakit ez dudala ezer ikasi, beraz, ikusi beharko da. Lehenengo aldia da negatiboak ez direla kontatzen, lehen hiru galdera gaizki egiten zenuen bakoitzean puntu bat kentzen zizuten. Hala ere, geroz eta legeria gehiago sartzen ari dira; geroz eta ikasgai gehiago, ez hain espezifikoa, baizik eta orokorragoa, denontzat. Azkeneko EPEan, 2011koan, berdina gertatu zen azterketan legeria pila bat sartu zen, batez ere, Erizaintzan eta Psikiatrian, eta inpugnazio pila bat egon ziren, baina ezin izan zen ezer egin eta jende askok suspenditu zuen. Hori Osakidetzari ez zaio interesatzen.
Noiz hasi zinen prestaketa-lanekin? Gai-zerrenda oso zabala da, ezta?
Egia esan ez dut ezer ikasi. Gainera, orain bajan nago bizkarreko minagatik eta ez dakit nola jarri ikasteko. Horregatik, ez daukat batere gogorik ikasteko. Baina ikusten dudana da gai-zerrenda oso oso astuna dela eta, lehen esan bezala, legeriari buruzko gai asko daudela.
Ikasketak lanarekin bateratzea zaila da, ezta?
Ni beti ibiltzen naiz, gaur goizez, bihar arratsaldez; gaur bilera, bihar erosketak… eta horrela oso zaila da. Eskerrak nire egutegiak 5 eguneko jaiegun jarraiak dituela; horrek asko laguntzen dit.
Zer gomendatuko zenioke etorkizunean oposaketa batetara aurkezteko intentzioa daukan bati?
Gaur egun lanpostu finkoa edukitzea edo lana edukitzea asko da, etxera ez dizute lana eramango. Orduan, nik jendea animatzen dut deialdi guztietara aurkeztera.