Atzo aurkeztu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. Bertan izan ziren zortzi finalistak eta zortziak bat etorri ziren finala bera, orokorrean, ona ateratzea nahi dutela esaterakoan; «denon artean saio ona egitea, jendearentzako modukoa izatea», adierazi zuen Unai Agirre hernaniarrak. Zortzikote polita osatu dutela ere adierazi zuten: «esperientzia eta adin desberdinetakoak». Bertsolari bakoitzaren helburua ere bada bakoitzak dakien hori egitea, onenetik kantatzea, eta norbere buruarekin gustora geratzea.
Honakoak ariko dira: Unai Agirre, Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jon Maia, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa. Aurreneko hirurak, Hernaniko bertso eskolako ordezkariak dira eta 2011n bezala, finalean izango dira berriz hirurak.
Finalaz harago
Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak azpimarratu zuen, finala, egun ederra eta gogoangarria izatea nahi dutela, baina txapelketa, finalaz harago doala: «Maiatzaren 7an hasi zen 74 bertsolarirekin eta 38 saio izan dira denera. Finala baino askoz gehiago da. Bidea luzea eta polita da, eta emaitza da, finala».
Txapela, Iñaxi Etxabek
Txapela nork jantziko duen oraindik erabakitzeko badago ere, txapeldunari zeinek jantziko dion azaldu zuten: Iñaxi Etxabek. Etxabe 1933an jaio zen Oikian (Zumaia) eta Zarautzen bizi da gaur egun. 50eko hamarkadan, bertsolaritzako hainbat sari jaso zituen, baina garai haietan emakumeek ez zutenez lekurik oholtzan, ez zen plazetan aritu. «Plaza ukatu zaion emakume bertsolarien belaunaldiaren ordezkari gisa», aukeratu du Bertsozale Elkarteak.
Sarrerak salgai
Finala abenduaren 19an (larunbata) izango da, Ilunben (Donostia). Arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta ateak 15:30etatik aurrera egongo dira irekita.
Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus orrian eta Hernanin, Tripontzi tabernan.