Ipuin kontaketa izango da gaur, Koxka elkarteak antolatuta. Euskeraz eta zeinu bidez izango da. Jexux Eizagirrek kontatuko ditu euskeraz, eta Ainhoa Moiua izango da interpretea, zeinu hizkuntzan. Ondotik, Ainhoa Moiuak klase bat emango du zeinu hizkuntzari buruz, modu pedagogikoan: kantak eta abar erabiliko ditu. Arratsaldeko 15:00etan izango da Biterin.
Saioa, 3-5 urteko umeentzat da eta kopuru mugatua izango da: gehienez, 100 ume. Kopuru horretatik gora apuntatzen badira, beste emanaldiren bat antolatzeko asmoa azaldu du Koxkak.
Denoi ikastea komeni zaigun beste hizkuntza bat
Koxka elkarteak hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar, batez ere, umeentzat. Adibidez, ginkana egokitua. Ekintza hau ere horietako bat da, Desgaitasunaren Eguna (abenduaren 3a) aitzakia hartuta.
Koxka elkarteari iruditzen zaio desgaitasunaren gaia, neurri haundi batean, konbibentzia kontua ere badela: «Gainera, zeinu hizkuntza beste hizkuntza bat gehiago da, denoi ikastea komeni zaiguna, zertxobait besterik ez bada ere: egunon, eskerrik asko, zer moduz...», azpimarratu dute.