Giza Eskubideen Eguna da gaur eta Hernaniko Sarek ekimena antolatu du. Herri Sarea osatzeko deia luzatu du, anbulatoriotik Zinkoeneara. Arratsaldeko 18:30etatik aurrera izango da.
Hernaniko Sarek argi du, «etengabe urratzen dira giza eskubideak mundu guztian; baita Euskal Herrian ere, hemen ez dago salbuespenik. Espainiar eta frantziar estatuek beraien legea bete ez, eta modu ankerrean baliatzen duten indarkeriak ez du etenik gurean». Euskal presoen urte luzeetako dispertsioa bi estatuetako presondegietan, eta larriki gaixorik daudenak ez kaleratzea, bi adibide direla nabarmendu dute.
Hernanin 25 preso, eta bi gaixo larri
Hernaniko egoera ere gogoan izan du Sarek: «Hernanin, 25 preso ditugu Espainia eta Frantziako espetxeetan. Asko eta asko ehundaka kilometrotara, eta horien artean baditugu bi larriki gaixorik daudenak: Garikoitz Arruarte eta Ibon Fernandez. Bata Almerian dago eta bestea Lanemezanen. Espondilitisari eta esklerosiari egin behar diote aurre, kartzeletako bizi-baldintzetan. Kondena bikoitza dute, eta horrela bizi-irauten dute larriki gaixorik dauden beste 10 euskal presoek ere. Gaitz larriak dituzte guztiek; sendaezinak. Non dira beren giza eskubideak?