Martuteneko espetxean bilkura, espetxe politika «ankerra» salatuz

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 9a, 01:00

Abenduak 10 Giza Eskubideen Eguna da bihar eta EH Bilduk espainiar eta frantziar estatuek daramakiten «espetxe politika ankerra» salatu nahi ditu. 
Hori horrela, mobilizazio eguna izatea nahi du biharkoa eta bi deialdi luzatu ditu. Alde batetik, bihar bertan, Martute­neko espetxearen aurrean bilkura egingo dute. 12:00etan izango da eta herritarrei dei egiten diete parte hartzeko. 
Bestetik, Hernaniko EH Bilduk bat egiten du Hernaniko Sarek antolatu duen giza katearekin. Hori ere bihar izango da 18:30etan, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatzen die.

Giza eskubideen urraketa
EH Bilduk adierazi du, gaur egun Euskal Herrian milaka eta milaka herritarrek jasaten dutela «eskubideen urraketa krudel eta gordina». «Euskal presoek, sakabanaketa politikaren erruz, sarritan bizi baldintza penagarriak sufritzen dituzte. Arrazoirik gabeko zigorrak, isolamendu egoerak, ikasketak burutzeko oztopo eta zailtasunak, erasoak... Eta bereziki mingarria iruditzen zaigu gaixotasun larriak dituzten euskal presoen egoera. Hernanin bi kasu oso gertutik ezagutzen ditugu: Gari Arruarte eta Ibon Fernandezenak. Bi euskal preso hauek oinarri oinarrizkoa den Osasun Esku­bidea zapaldua eta ukatua dute frantziar eta espainiar gobernuen aldetik», gaineratu dute. 
Eta azpimarratu dute, euskal presoek bakarrik ez, beraiekin batera euskal presoen milaka senide eta lagunek ere egunero jasaten dituztela «bidegabea den sakabanaketa politikaren ondorioak».
Honen aurrean, EH Bilduk bere konpromisoa adierazten du espetxe politikaren aurka borrokatzeko leku eta esparru guztietan: «EH Bilduko militante eta hautetsi bakoitza agente aktiboa izango da errealitate honen konponbidean».

Independentziaren aldeko agerraldi jendetsua
Larunbatean, berriz, independentziaren aldeko agerraldi jen­detsua egingo du Herna­ni­ko EH Bilduk. Eguerdiko 13:00etan izango da Tilosetan. Deialdia luzatu du: «EH Bilduk argi du euskal herritarrok burujabe izan behar dugula gure etorkizuna erabakitzeko. Nolako Euskal Herria eraiki nahi dugun, euskal herritarrok erabaki behar dugu eta ez beste inork. Bide horretan, nahi dugun Euskal Herria Gorria, Morea eta Berdea eraikitzeko lan egin behar dugu egunero. Eta bide horretan kokatzen dugu larunbateko deialdia. Bertan, jaia eta aldarrikapena uztartuko ditugu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!