Arerio zaila izango du Ojuelek Huarteko txapela janzteko lehian

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 8a, 01:00

Paul Ojuelek Huarteko lau t’erdiko txapelketako finala jokatuko du gaur. Txapelketa hau, afizionatu mailako txapelketarik entzutetsuenetako bat da. Huarten bertan izango da, 11:30etatik aurrera (bigarrena). 
Aurkaria, Eneko Yoldi izango du hernaniarrak, afizionatuetako aurrelaririk onenetakoa eta txapelketa hau hainbatetan irabazitakoa. Arerio zaila izango du, beraz, eta ez da faborito izango, baina irabazteko gaitasunik ez du falta Ojuelek. Kalitate haundiko pelotaria da eta gainera, moralez gainezka iritsi da finalera, aurrez lau alditan ateetan geratu izan baita.
Finalera iristeko, hiru pelotari nafarrei irabazi die Ojuelek: final zortzirenetan, 22-3 irabazi zion Otxando­renari; final laurdenetan, 22-11 Iriarteri; eta finalerdietan, 22-21 Garraldari. 

Euskal Herrikoan, 3-0 galdu
Euskal Herriko elkartearteko txapelketa aurrera doa eta Hernanik 3-0 galdu zuen Zara­magaren kontra, ostiralean. Kanporaketako buelta igan­dean jokatuko da Herna­nin, 11:00etatik aurrera. Zaila izango da markagailuari buelta ematea, baina pelotari titular guztiak osatuz gero, aukerak ikusten dituzte Rufino Rekalde arduradunak. Eskuz banaka, lau t’erdian, Ioritz Arrietak 18-8 galdu zuen Larrañagaren kontra. Herna­niarrak ez zuen egun ona izan. Eskuz banaka, frontoi osoan, Oier Apezetxeak 18-17 galdu zuen Albaradoren kontra. Goizuetarrak partidu bikaina jokatu zuen, baina azkenean GRAVNIko egungo txapelduna nagusitu zen. Eta eskuz binaka, Ekaitz Cisneros eta Aritz Murgiondok 22-8 galdu zuten Mikel Rafael eta Agirre­ren kontra. Bikote hernaniarrak dena eman zuen, baina ez zen nahikoa izan.

Oiartzabal final laurdenetan, errendimenduko txapelketan
Gipuzkoako errendimenduko txapelketa jokatzen ari dira pelotari hernaniarrak. Aste­bu­ruko emaitzak tarteko, alebinetan, Etxarri, Arluziaga eta Jarak kontsolazio faseko final laurdenak jokatuko dituzte. 
Infantiletan, berriz, Oiar­tza­balek azken faseko final laurdenak jokatuko ditu. Eta Insausti II eta Martinek, kon­tsolazio faseko final laurdenak jokatuko dituzte. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!