Ipuina argitaratu berri du Urnietako SuperH elkarteak: SuperH hontz zuriaren lurraldean. Helburua da, gaixotasun arraro eta onkologikoen ikerketan laguntzea, eta horretara bideratuko da lortutako dirua. Hori baita elkartearen helburua: ikerketa horietan laguntzea batetik, eta gaixotasun horiek dituzten haurrei eta familiari laguntzea, bestetik.
Asteazkenean aurkeztu zuten ipuina, eta bertan egon zen Luis Intxauspe alkatea ere. Izan ere, Hernaniko Udalak babestu du proiektua, Buruntzaldeako beste hiru udalekin (Astigarraga, Urnieta eta Lasarte-Oria) eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.
Miren Amurizak idatzia, eta Almudena Salasek ilustratua
Miren Amurizak idatzia da ipuina, Hodei izeneko mutiko bati buruzkoa: «jolasean erori eta ospitalera eramango dute, eta zenbait proba egin ondoren, minbizia diagnostikatuko diote. Hortik aurrera, haurraren mundu errealaren eta fikziozkoaren artean kokatuko da istorioa, eta superheroi bihurtuko da, gaixotasunari aurre egiten lagunduko dioten gozoki magikoen bila».
Ilustrazioak, berriz, elkarteko presidentearen lana dira, Almudena Salasena. «Bere bizipenak daude islatuta bertan, sentimendu askorekin daude eginda», goraipatu zuen Mikel Pagolak, Urnietako alkateak.
Salasek azaldu zuen, «gizartea sentsibilizatzea» ere badela ipuinaren helburua, eta ikerketen garrantzia nabarmendu zuen, «batez ere gaixotasun arraroen kasuan».
Ipuina salgai, 10 euroan
Ipuina salgai dago, euskeraz zein gaztelaniaz, 10 euroan. Sare sozialen bidez eros daiteke, eta Durangon ere egongo da bihar.
Webgune berria ere badaukate: www.superh.com.