Erremate bikaina, herritarren lan haundiari

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 6a, 01:00

Aste osoko lana borobildu zu­en atzo Hernanik, Ordiziaren kontrako derbian. Landaren jokatu zen partidua azkenean, txukuntze lanetan herritar askok egindako ahaleginari esker, eta Landaren geratu zen garaipena ere (22-20). Erremate bikaina jarri zioten trikoloreek, modu horretan, herritarren lan haun­diari.
Uholdeen arrastoa nabaria zen oraindik, hala ere, eta oso eroa izan zen partidua, kontro­lik gabea. Akats asko tarteko, etengabe aldatu zen baloiaren jabetza, eraso laburrekin.

Kolpeak aprobetxatuta, markagailuan aurretik
Eromen hori eta ordiziarren kolpeak aprobetxatu zituen Hernanik, markagailuan au­rre­­tik jartzeko. Horrela, 8-0 aurreratu zen, Larre­txea­ren zigor kolpe bati eta Puer­ta­sen entseguari esker.
Baina larritasunak ere izan zituzten trikoloreek, lerroa mantentzeko garaian, eta bi entsegu egin zituen Ordiziak, lerroa hautsita eta korrikaldi luzeak gauzatuta (11-12).
Baina atsedenaldirako, be­rriro jarri ziren aurretik, ban­dako sake bat aprobetxatuta. Colladok utzi zuen baloia marraren bestaldean (16-12).
Ez zen askorik aldatu par­tidua, bigarren zatian, baina nabarmen hobetu zuten de­fen­tsan hernaniarrek. Bikain eu­tsi zituzten ordiziarren ahale­gi­nak, minutu gutxiren faltan, ostiko bati esker entse­gua egin zuten arte (22-20). Konbertsioak aurretik jarriko zuen Ordizia, baina huts egin zuen Rustek, eta baita segidan izan zuen zigor kolpea ere, gutxi­gatik. Partidua ia bukatuta, bes­te bost minu­tu luzatuko zen estu­a­suna, bai­na Landaren ge­ra­tu zen garaipena azkenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!