Bi ekitaldi izango ditu Sarek, datorren astean. Batetik, manifestazioa egingo dute asteartean, Durangon, «larriki gaixorik dauden presoak etxeratzea eskatzeko». Eta bestetik, herri sarea osatzeko deia egin du Hernaniko Sarek, datorren ostegunean, anbulatoriotik hasi eta Zinkoeneara arte.
Arratsaldeko 18:30etan izango da, eta herritar guztiei luzatu diete deia, sare hori osatzen laguntzeko: «etor zaitez harriak mugitzen laguntzera! Dispertsioarekin amaitzeko, eta larriki gaixorik daudenak etxera ekartzeko. Denon artean lortu dezakegu», adierazi dute.
Giza Eskubideen eguna
Hain justu, Giza Eskubideen egunean antolatu dute ekintza, abenduaren 10ean: «Hernanin, 25 preso ditugu Espainia eta Frantziako espetxeetan, eta horien artean baditugu bi, larriki gaixorik daudenak: Garikoitz Arruarte eta Ibon Fernandez. Espondilitisari eta esklerosiari egin behar diote aurre, kartzeletako bizi baldintzetan. Kondena bikoitza dute. Non dira beren giza eskubideak?».
Durangoko Azokatik abiatuta, manifestazioa
Asteartean, berriz, manifestazioa egingo dute Durangon, Aske eta bizirik SOS, larriki gaixorik dauden presoak etxera lelopean. Liburu eta Diska Azokatik abiatuko dira, eguerdiko 12:30etan.
Herritar guztiei luzatu die deia Sarek, Durangora joan eta mobilizazioan parte hartzeko, eta gaixotasun larriak dituzten presoen muturreko egoera salatzeko: «pertsona hauen osasuna arriskuan dago, bizitza galtzen ari dira kartzelako baldintza gogorren ondorioz, eta han ezin dute tratamendu egokirik jaso».