‘Bildu independentziara’ lelopean mosaiko erraldoia egingo du bihar EH Bilduk, Bilbon. Buruntzaldeako EH Bilduko hautetsiek prentsaurrekoa eman zuten asteazkenean, eskualdeko herritarrak animatzeko asmoz: «Bilboko kaleak bihurtu behar ditugu gure herriaren burujabetzarako aldarriaren bozgorailu eta, horretarako, dei egiten diegu herritarrei igandeko manifestaziora joateko».
«Euskal Herri indenpendentea nahi dugu»
Luis Intxauspe, Hernaniko alkatea izan zen bozeramailea, eta azaldu zuenez hitzordu garrantzitsua da biharkoa: «Euskal Herri independentea nahi dugun herritarrok, eta horren alde eguneroko lana eta borroka egiten dugunok, hitzordu garrantzitsua dugu bihar. Espainiako Estatutik jasotzen dugun inposizioari, ukazioari eta mehatxuari aurre egiteko indarrak behar ditugu. Bildu beharra daukagu feminismoa, langileen eskubideak, euskalzaletasuna, bakezaletasuna oinarri izatea nahi dugun Euskal Herria egiteko. Gure eguneroko borroka da. Eta bihar, abenduaren 6a, aukera paregabea izango dugu borroka horiek guztiak kalean elkartzeko eta guztiok betera aldarrikatzeko».
Intxauspek azaldu zuenez, euskal herritarren gehiengo zabal batek amesten du herritarren eskubideen errespetuan eta bizitza kalitate duinetan oinarrituko etorkizunarekin: «etorkizun alaia, koloretsua, konprometitua... Eta horixe izango da, hain zuzen, Bilboko kaleetan irudikatuko duguna».
Milaka lokarri
Manifestazioa 12:00etan aterako da Moyua plazatik eta mosaikoa egiteko milaka zapata lokarri banatuko dituzte. Bukaeran, Arriagan egongo den mailara lotu behar dira.
Konstituzioaren kontra, gaur
Bestalde, gaur, Donostiako Konstituzio Plazan, Espainiar Konstituzioaren aurkako gazte ekimena deitu dute. 11:00etatik aurrera izango da.