Atzotik zabalik ditu ateak Durangoko Azokak eta bertan salgai egongo dira Dobera Euskara Elkarteko produktuak: Zozomikoteak eta Chertat eta lehoia ipuinak, Burbunak eta Etsayak dokumentala, Erritmoa, kazetaritzaren batuta liburua.
Horrez gain, bi ipuinen kontaketa izango da gaur, Saguganbaran. 13:00etan, Zozomikoteak; eta 13:30etan, Chertat eta lehoia.
‘Burbunak eta Etsayak’, etzi
Astelehenean, berriz, Burbunak eta Etsayak dokumentalaren emanaldia izango da Irudienean (13:00).
Doberak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako dokumentala, Hernaniko naturari buruzko ahozko ondarea biltzen duena.
Esne Beltzaren disko aurkezpena, Plateruenan
Esne Beltzak bere azken diskoa aurkeztuko du astelehenean: Esna. Zuzeneko aurkezpena izango da Plateruena Kafe Antzokian (23:00). Ereñotzuarrek, lagun eta kolaboratzaile bereziak izango dituzte eszenatokian.
‘Loreak’ filmeko kideei elkarrizketa
Loreak pelikulako kideei elkarrizketa egingo diete astelehenean. Eguerdiko 12:00etatik aurrera izango da, Irudienean. Jon Garaño filmeko zuzendari astigartarra bertan izango da, Jose Mari Goenagarekin batera.