Artisau, nekazaritza eta azienda feriarekin bukatu da Azaro Kulturala Goizuetan. Joan den larunbatean izan zen feria eta eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, giro ederrean ibili ziren. Postuak eskoletako pilotaplazan paratu zituzten, eta Iñaxio Perurenak ere, bertan egin zuen saioa. Txino auzoan, sagarraren muztioa egin zuten Bakerotarrek, eta Joxe Mari Tximistak eta bere laguntzaileek txerria hil zuten. Labaderoan, berriz, Oihana Insaustiren erakusketa egon zen. Bazkarian, ohi bezala, bertako babarrunak jan zituzten eta 500 lagun inguru elkartu ziren.