Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak urtero Bola Eguna ospatzen du abenduaren 8an eta bertan, bolari eta tokalari batzuk omentzen ditu. Oraingo honetan, Ereñotzun ospatuko da eta Leandro Miner eta Pedro Oiarbide izango dira omenduak. Ur Mia elkarteko kideak biak. Urteetako partehartzeagatik eta ibilbideagatik omenduko dituzte. «Egia esan, ez dakit merezi dugun ere… Azken 50 bat urtean, beti ibili izan gara. Bolan baino gehiago, tokan, baina ez dugu inoiz destakatu izan. Pedrok bai, gehiago, baina nik behintzat ez», dio Minerrek. Hala ere, hori ez da Federazioaren helburua. Urte hauetan zehar bolari eta tokari egindako ekarpena errekonozitu nahi die bi ereñotzuarrei.
Oiarbide tokalari fina, baina ez plaza gizona
Oiarbide 14 urterekin hasi zen tokan eta 40 urte baino gehiago daramazki. Nahiz eta, aita, osabak… familiakoak, bai tokan bai bolan aritu, Oiarbideri pertsona jakin batek piztu zion tokan aritzeko grina. «Manuel Matxain Aietekoa, fenomeno bat zen tokan. Hura ikusita hasi nintzen ni. Egia esan, tokan bakarrik ez, bolan ere artista zen. Bertsotan ere aritzen zen», dio Oiarbidek.
Eta badu ahaztuko ez duen egun seinalatu bat: «Gogoratzen naiz 16 urterekin, San Antoniotan, Matxaini irabazi niola Ugaldetxon. Geroztik zeinek gelditu ni! Herri guztiak pasatakoa naiz tokarekin».
Dena dela, badu ahulgune bat Oiarbidek: «Ez naiz inoiz izan plaza gizona. Zezena baino okerrago jartzen nintzen txapelketetan; zeharo urduri. Entrenatzen eta lagunartean poliki ibiltzen nintzen eta gero, jende aurrean, asko galtzen nuen. Atzenaldera hobeto moldatzen nintzen, baina inoiz ez naiz ohitu».
«Halaxe da, bai. Ardo jokoan aritzen ginen lagunartean. Hau da, gutxien jotzen zuenak erronda pagatu behar izaten zuen, eta halakoak. Eta beti esaten nuen gutxi izango zirela berari irabazteko gai zirenak. Baina gero plazan, ikaragarri bajatzen zen», gaineratu du Minerrek.
Miner, antolatzaile lanetan gehiago
Leandro Miner ere gazterik hasi zen tokan eta bolan. «Ni ere Pedrorekin bateratsu hasiko nintzen, 18 urte baino lehenago bai behintzat. Donostiako Trinitate plazan bolako txapelketa askotan parte hartutakoa naiz, gazterik. Gipuzkoako azpitxapeldun geratua ere bai 17 bat urterekin». Hala ere, ez bolan ez tokan, ez duela inoiz destakatu izan azaldu du: «Antolatzen eta aritu izan naiz gehiago. Parte hartu ere beti, eta bolarekin txapelketetan jokatu ere bai, baina askorik destakatu gabe. Auzoan aurrenekoa geratua naiz tokan, Pedrok jendaurrean izaten zuen arazoagatik-eta, edo bezperan parranda egiten zuelako (parrez), baina bestela hemendik kanpo ni ez naiz bera bezala herriz herri ibili».
Aita eta osabez gain, anaia guztiak ibili izan dira bolan. Bere seme Iñaki ere ibiltzen da.
«Toka soziedade atzean zegoen eta ia ilunabarrero biltzen zen jendea jokatzeko. Ardo jokoan aritzen ginen»
Ilunabarrero, jendea bildu
Tokan eta bolan aritzeko garai batean sekulako ohitura zegoela azaldu diote Kronikari biek: «Toka gainera, hemen, soziedade atzean zegoen eta ilunabarretan ibiltzen ginen. Ia ilunabarrero biltzen zen jendea lehen. Toka auzo eta taberna guztietan zegoen. Eta bolatokiak ere leku askotan izaten ziren; sagardotegiekin lotuta asko. Hemen esaterako, Irubiden, Fagollagan, Ugaldetxon, Benta Berrin, Goikoetxen eta Latxen zeuden. Orduan ez zegoen beste gauzarik denbora pasarako eta hortxe ibiltzen ginen denak. Gauzak asko aldatu dira». Maila ere askoz altuagoa zela orduan azpimarratu dute: «Jende asko ibiltzen zen eta oso ondo jokatzen zuten askok. Pentsa, orduan 100dik gora federatu izaten ziren eta orain 30 bat izango gara».
Batez ere tokan aritzeko zaletasuna jaitsi dela diote Leandrok eta Oiarbidek. «Toka ari da galtzen. Bola oraindik zerbait mantentzen da. Gainera, emakumeak ere hasi dira». Ereñotzun bertan, bi emakume badira bolan aritzen direnak: Nagore Miner eta Josune Uzkudun.
Nazioarteko Txapelketa irundarrei irabazi
Ondo gogoan duten sari bat ere aipatu diote Kronikari. Eta Ur Mia elkartean badu merezitako lekua. Hain zuzen, 1975ean, Nazioarteko Toka Txapelketa irabazi zuten. Taldeka izan ziren nagusi, beraiek biak, Juan Marco “Altxo” zenarekin hirukotea osatuta. «Irun, Errenteria… inguru horretan beti izan da zaletasun haundia eta oso maila altua. Ez zuten inondik espero guk irabaztea eta irundarrek sorpresa ederra hartu zuten», gogoratzen dute biek.
Oiarbidek ere orduan egin zuen bere errekorra. «31 jo nituen eta harexek eman zidan pena, hain ondo aritu eta Eugenio Legorburu irundarrak 32 jo izana. Hura izan zen txapeldun eta ni bigarren geratu nintzen», gogoratzen du. Eta orain arteko errekorra duena, Matxain da, 33 joaldirekin. Gaur egun destakatzen den tokalaria, berriz, Eduardo Alvarez “Galle-go” da. Galiziarra jatorriz, baina Errenterian bizi da.
Azken aldian, gutxi
Miner jubilatu berri da eta Oiarbide ere jubilatua dago, baina toka edo bolan aritzeko denbora gehiago ez dutela hartzen aitortu dute. Oiarbidek besoa izorratua du eta ez zaio komeni tokan aritzea; Minerrek berriz, bolatokia txukuntzeko hartu du denbora, baina ez entrenatzeko.
Berezko abilezia, garrantzitsua
Punteria berezkoa izaten ote den edo entrenatu egin litekeen galdetuta, erdibideko erantzuna eman dute: «Batzuk asko entrenatuta ere ez dute lortzen jokalari onak izatea. Berezko abilezia ere behar da. Baina egia da, ondo ibiltzen direnek ere asko entrenatzen dutela. Entrenamenduak ere badu bere garrantzia». Oiarbide bere garaian, ia egunero ibiltzen omen zen.
Zorteak izaten duen eraginaz ere hitz egin dute: «Tokan suerterik ez dago. Seiko bost tiraldi izaten dira, gutxienez. 30, 36 edo 48 aldiz botata, suerteak ezin du askorik lagundu. Ona izango zara edo kaxkarra. Bolan berriz, zorteak lagundu dezake. 6-8 aldiz botatzen da gehienez, eta zortea aldeko baduzu, eragin dezake». Dena dela, bolan ere ezin liteke zortearen esku utzi dena, teknika ere ondo kontrolatu behar dela gaineratu dute.
Eta bolari dagokionez, modalitate asko daudela azaldu du Minerrek eta bakoitzean gauza desberdinak hartu behar direla kontuan. Tokan, berriz, ez dago alderik, baina hemen ere, bakoitzak bere teknika dauka: xuxen bota, fitxa bueltaka...
Egun osoko festa, asteartean
Asteartean, egun osoko festa antolatu du Federazioak. Goizean (09:30-11:00), bola eta toka txapelketa izango da eta ondoren (11:00), hildako bolari eta tokalarien aldeko meza. Eta indarrak hartzeko, bazkari ederra egingo dute Ur Mia elkartean (14:00). Bazkalostean, 2015 denboraldiko txapelketetako sariak banatuko dituzte, eta jarraian, bi ereñotzuarrak omenduko dituzte. Egun osoko festan parte hartzeko asmoa dutela azaldu dute biek.