Manifestazioa egingo dute igande honetan Bilbon, Bildu Independentziara lelopean, eta joateko deia luzatu diete Buruntzaldeako EH Bilduko hautetsiek, herritarrei: «Bilboko kaleak bihurtu behar ditugu, gure herriaren burujabetzarako bozgorailu», azaldu zuen Luis Intxauspe Hernaniko alkateak, Plazan eman zuten prentsaurrekoan: «Euskal Herri independentea nahi dugun herritarrok, eta horren alde egunero lan egiten dugunok, hitzordu garrantzitsua daukagu igandean».
Kalean elkartu eta guztiek batera aldarrikatzearen garrantzia nabarmendu zuen Intxauspek: «Espainiako Estatutik jasotzen dugun inposizioari, ukazioari eta mehatxuari aurre egiteko indarrak bildu behar ditugu. Feminismoa, langileen eskubideak, euskaltzaletasuna eta bakezaletasuna oinarri hartuta eraiki nahi dugun Euskal Herria egiteko, bildu beharra daukagu».
Mosaikoa erraldoia
EH Bilduren arabera, «euskal herritarren gehiengo zabal batek amesten du, eskubideen errespetuan, eta bizitza kalitate duinean oinarritutako etorkizun batekin. Etorkizun alaia, koloretsua, konprometitua... Eta horixe irudikatuko dugu Bilboko kaleetan». Izan ere, «mosaiko erraldoia» osatuko dute, «herriaren amets nagusia» irudikatuko duena, eta Bildu independentziara dioena.
Horretarako, milaka zapata lokarri banatuko dituzte, Arriaga plazan egongo den mallan lotzeko: «milaka borrokak, konpromisok eta aldarrik egingo dute bat malla berean».
Manifestazioa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Moyua plazatik, eta bertara joateko, autobusa jarri dute Hernanitik, 10:30etan. Txartelak salgai daude, Garin tabernan.
Espainiar Konstituzioaren kontra bihar, gazteak
Bihar, berriz, beste ekitaldi bat egingo du EH Bilduk, Donostiako Konstituzio plazan, goizeko 11:00etan: Espainiar Konstituzioaren kontrako gazte ekimena. Buruntzaldeako gazte guztiak animatu dituzte, bertan parte hartzera.