Plaza Berrin daukate zita dantzazaleek, igande honetan. XXI. Gazteen Dantza Txapelketa jokatuko da, Kriskitiña taldeak antolatuta, eguerdiko 12:00etatik aurrera; euria eginez gero, Biteri kultur etxean.
Bertan egongo dira, Gipuzkoako dantzari gazte onenak. Hamabi bikotek hartuko dute parte, hainbat herritatik etorriak: Azkoitia, Errezil, Lezo, Azpeitia eta Oiartzun.
Unai Balerdi,
hernaniarren ordezkari
Hernaniar bat ere arituko da txapelketan, igandean. Unai Balerdi herritarrak dantzatuko du, Katerin Artola oiartzuarrarekin bikotea osatuz.
Bikote bakoitzak, fandango eta arin arin bana dantzatuko du, Beñat Luluaga eta Aitzol Txapartegiren trikitixa doinuez lagunduta.
Epaile lanetan, berriz, Gipuzkoako Dantzarien Batzarreko kideak arituko dira.
Txapela eta zapia, helburu
Bikote guztiek jasoko dute sari bana, baina helburu berarekin igoko dira taula gainera: irabazleek jasoko duten txapela eta zapia janztea.