EH Bilduk prentsa ohar bidez gogorarazi du aurreko legealdian Urumea Berrin eman ziren baimenak, hiritartze konpromiso garrantzitsuekin baldintzatu zirela. Horien artean, Tranbia Ibilbideko hiritartze lanak sartzen direla gaineratu du, eta autobus geltokia egitea aurreikusi zela.
«Urtea amaitzear dagoen honetan, Tranbia Ibilbideko hiritartze lanak ere amaitzear daude. Tranbia Ibilbidearen erdialdean, autobus geltokiak aurreikusi ziren bi norantzetan, Urumea Berri eta Arrobitxuloko auzoei zerbitzu hobea eskaintzeko. Eta Hernanirako noranzkoan, Ibai-Lur jatetxearen parean, geltoki bat kokatzea aurreikusi zen».
Udalak oraindik ez duela ezer egin gaineratu dute: «Badirudi, Udalaren nahia geltokia gaur egun dagoen horretan mantentzea dela (promotorearen salmenta bulegoaren parean), bi geltokiak oso metro gutxitan utziaz. Ez dakigu Aldundiak (autobus zerbitzuaren arduradunak) begi onez ikusiko duen bi geltoki hain gertu izatea edo agian geltoki bat kentzea proposa dezakeen. Erabaki honekin, Murgia eta Goiko Plazako inguruetan bizi diren herritarrak kaltetuak izan daitezkeela uste dugu».
Soluzioa, erraza
«Ziurgabetasuna saihesteko» eta «behin betiko soluzioan urratsak emateko», Ibai-Lur parean autobus geltokia egokitzea eskatzen dute, biribilgune berria egin bitartean: «orain edo biribilgune berria egin eta gero, geltokiak bertan egon behar baitu», nabarmendu dute. Eta gaineratu dute gaur egungo geltokia, biribilgune berriak okupatu behar duen eremuan dagoela kokatua: «Beraz, obrak hasiko direnean, lekuz aldatu beharko da. Soluzioa erraza dela uste dugu: autobusa errepidean bertan gelditu daiteke eta udalak, bidaiariak hartu eta uzteko plataforma bat egin beharko luke. Horregatik, aurrera-atzera arazoak saihesteko eta zerbitzu egokia ematen jarraitzeko, autobus geltokia berehala egin dezala eskatu dugu batzordean».