Kontsultako galdera onartuta, baimen eskaera egingo zaio Espainiako Gobernuari

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 28a, 01:00

Plenoa izan zen larunbatean eta aho batez onartu zen hondakin bilketa sistemaren inguruko kontsultaren galdera. Orain, administrazioari baimena eskatuko dio Udalak. Galdera, honakoa: Ze hondakin bilketa sistema nahi duzu? 1. Kontenedoreena, organikoarentzat eta errefusarentzat ixteko sistema erabiliko dena.  2.- Atez atekoa.
EH Bilduren izenean, Andoni Gartziak azaldu zuen, Gobernu Taldeak hasieran proposatutako galderatik (Atez atekoa kendu nahi duzu?) aurrerapauso haundia eman dela: «Galdera txukuna dela uste dugu eta gainera herritarrekin osatu dena». Dena dela, oraindik lan asko dagoela egiteko gaineratu zuen. Eta hainbat galdera egin zituen: «Kontenedoreen sistema aterako balitz, auzokonpostarekin jarraituko litzateke? Landa eremuetako bilketa nola egingo li­tzateke? Ze informazio zabalduko da udaletik, eta nola?». Horrez gain, protokolo bat mar­txan jartzeko beharra ere badagoela azaldu zuen, «aukeratzen den sistema aukeratzen dela, bilketa selektiboak atzera egin ez dezan». Eta argi utzi zuen EH Bilduk atez atekoaren alde egingo duela: «Dagoeneko ezarria dago, ondo funtzionatzen du, bideragarria da ekonomikoki, lanpostuak sortu ditu eta kenduz gero, lanpostu horiek galdu egingo dira». Horrez gain, beste galdera bat sartzea ere beharrezko ikusten dute EH Bildutik, errauskailuari dagokiona: «Bilketa sistemak zerikusi zuzena du tratamenduarekin, beraz, galdera hori ere egin beharrekoa dela uste dugu».
Gobernu Taldearen izenean, Nerea Zusberrok erantzun zuen kontsultan galdera bat eta argia egitea erabaki zela eta ez dutela egoki ikusten beste galderarik sartzea. Protokoloari dagokionez, gaineratu zuen, kontenedoreekin arauak edo legeak esaten duena betetzen ez bada, ikusiko dela zer egin, baina gauzak aurreratzea dela, «suposizio asko tarteko».
Kontenedoreen sistemari begira, xehetasun teknikoei buruz hitz egitean, zalaparta sortu zen, errefusa eta organikoarentzat astean behin irekiko zen edo ez zalantzan jarri zuenean Gobernu Taldeak. Behin sistema martxan jartzean erabakiko zela adierazi zuen Zusberrok, beharretara egokituz.
Azkenean erabaki zen astean behin irekiko direla gutxienean eta zalantza horiek eta gauza teknikoak kontsulta aurretik zehaztuko direla.

Erraustegia, kontsultatik kanpo
Kontsultarekin lotuta joan zen Astigarraga Zero Zaborren mozioa ere. Ez zen onartu. Bi puntuko mozioa zen eta puntuak banaka bozkatu zituzten. Alde batetik, erraustegiaren kontrako adierazpena bozkatu zen. EH Bilduk alde bozkatu zuen eta Gobernu Taldeak eta PSE-EEk kontra. Bigarren puntuan, eskaera egiten zen erraustegiaren inguruko kon­tsulta hondakin bilketa sistemaren inguruko kontsultarekin batera sartzeko. Kasu honetan ere, EH Bilduk alde bozkatu zuen eta Gobernu Taldea eta PSE-EE kontra azaldu ziren. Azaldu zuten, partehartze ordenantza bat baduela Udalak eta erraustegiaren inguruko kontsulta egiteko, bere bidez jarri daitekeela prozesua martxan.

Zalantzak eta gauza teknikoak kontsulta aurretik zehaztuko direla erabaki zen.

Lau mozio, aho batez
Hiru mozio, berriz, aho batez onartu ziren. Azaroak 25, Emakumeenganako Indarke­riaren Kontrako Eguna izan zen asteazkenean eta horren inguruko mozioa onartu zen, alde batetik.  Besteak beste, Astiga­rra­gan biolentzia matxistei aurre egiteko larrialdizko plan iraunkorra abian jarriko da eta Biolentzia matxistaren aurkako Behatokia ere bai.
Bestetik, Kaleratzeak Stop taldearen mozioa onartu zen. Horren arabera,  kaleratzerik ga­be­­ko herria izendatu da Astigarraga eta hainbat konpromiso hartu ditu Udalak hala izan dadin.
Eta horrez gain, ez ohiko plenoetan ere, oposizioak eta herritarrek galderak egiteko aukera egotea onartu zen. EH Bilduk aurkeztutako mozioa izan zen.
Euskararen Eguneko mozioa ere sartu zuen EH Bilduk. Adierazpena. Gobernu Taldetik, Zorione Etxezarragak azaldu zuen ez zitzaiela egokia iruditzen EH Bilduren jarrrera, azkarregi eta presaka sartutako mozioa zela eta herritarrei balkoietan banderolak jartzea eskatzea, fribolidadea zela. Azkenean, aho batez onartu zen. Hori horrela, Udalak dei egiten du: «abenduaren 3tik 10era balkoietan Euskaraz bizi nahi dut leloa duen banderola jartzeko; .eus domeinua eskuratzeko; hizkuntza eskubideak zapalduta sentitzen dituztenek  Behatokian kexa jartzeko; Euskarak 365 egun lelopean antolatutako ekimenetan parte hartzeko».

Euskararen Egunarekin bat, Udalak dei egiten die herritarrei balkoietan ‘Euskaraz bizi nahi dut’ banderola jartzeko.

TTIP hitzarmenaren inguruko mozioa, zatika
TTIP inguruko mozioa, berriz, zatika onartu zen. Puntuz puntu bozkatu zen eta bigarren eta hirugarren puntua bakarrik onartu ziren. Biak aho batez: «2.- Estatuko Gobernua­ren Herri Adminis­tra­zioen Ministerioari eta Eusko Jaurla­ritzari eskatzen diegu gizarterako onuragarriak diren zerbitzuek izaera publikoa mantentzea helburu duten ekimen guztiei lagun­tzea. 3.- Ekono­mia Minis­terioa­ri eskatzen diogu TTIPen negoziazioak bertan behera uzteko». Lehe­nen­go eta laugarren puntuaren kontra bozkatu zuten Gobernu Taldeak eta PSE-EEk; EH Bilduk alde.

Aparkaleku mugatuak, zaratak, azoka...
Aparkalekuen denbora muga­tzeko, ordenantza aho batez onartu zen. Hamabost plaza seinalizatuko dira. Gune horietan aparkatzeagatik ez da ordaindu beharko, baina baimendutako gehieneko denbora ordubetekoa izango da. Ordutegi bat ere izango du. 
Hots kutsaduraren aurkako ordenantza ere onartu zen, baina EH Bilduk alegazio epea ekarpenak egiteko erabiliko zuela aurreratu zuen Gartziak.
Beste ordenantza bat ere onartu zen, Gobernu taldearen eta PSE-EEren aldeko botoekin: azoka ibiltarien ingurukoa. EH Bildu abstenitu egin zen. Gartziak esan zuen horren arabera aurreikusten dela hilabetero, larunbatez, azoka jartzea, baina merkatariekin bildu direla eta batzuk zalantza azaldu dutela horrek onurak ekarriko ote dituen. «Abenduaren 19an proba egingo da eta ondo iruditzen zaigu, baina ordenantzan sartzea azkarregi joatea dela iruditzen zaigu. Beste kezka batzuk ere sortzen dizkigu azokak: ze hizkuntza erabiliko da? ez da aipamenik egiten euskerarena. Ordutegiarekin ere kezka dugu; mugak jarri beharko lirateke. Eta animalia biziekin negoziorik ez dela egingo ez da zehazten».
Mikel Duran PSE-Eeko ordezkariak azaldu zuen hasierako onarpena dela eta ados daudela. Dena dela, alegazio tarte honetan ikusiko dutela ze ekarpen egin.

15 aparkaleku denbora mugatukoak izango dira, ordutegi jakinean. Helburua da, herritarrek erosketak egiteko aukera izatea.

Elgopebi kasuko errepidea dohaintzan
Elgopebi kasuari lotuta, Bide­bitarteko errepidea dohain­tzan erregistratzea onartu zen Gobernu Taldearen eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bildu abstenitu egin zen. Gartziak argitu zuen dohain­tzan bezala formulatzea ez zi­tzaiela egokia iruditzen; «kontuan izanda udalarentzat kostu bat izan duela epaiketak eta udaletxeak ordaindu egin zuela errepide hori bere garaian, alkate batek hala onartu zuelako. Argi dago nolabait erregistratu behar dela, baina modu honetan ez zaigu egokia iruditzen. Gainera, ikusita prozesu honek guztiak izan duen bidea ezin dugu alde bozkatu».
Alkateak erantzun zion abokatuak aholkatuta hartu dela bide hori, egokiena halaxe izango delakoan.

Ordenantza fiskaletan, 12tik 10 alegazio onartuta
2016ko ordenantza fiskalei alegazioak aurkezteko aukera izan da. Ion Arregi ogasun zinegotziak azaldu zuen 12 alegazio aurkeztu direla eta 10 onartu direla. Gobernu Taldeak eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bildu abstenitu egin zen: «Etxe hutsen jabeei errekargua jaistea proposatu du EAJk. Guk jaistea nahi genuen. Izan ere, etxe hutsen alokairua bultzatu behar dela uste dugu eta errekarguak jaisteak ez du zen­tzurik. Aurrezki kutxei eta bankuei ere tasak igotzea nahi dugu, herribideak erabiltzen dituzten kamioiei tasa bat jartzea, landa lurrak lan­tzen dituzten baserritarrei hobaria... eta ez da halakorik biltzen. Tasak eta zergak ez igotzea da oinarrian eta horregatik abstenituko gara».

 Azoka ibiltarien ordenantzari hasierako onarpena eman zaio. Honen arabera, hilabetero azoka izango da.

Uholdeei begira, batzorde berria
Uholdeei erantzuteko, batzorde berri bat sortzea aho batez onartu zen. EH Bilduk proposatua izan zen, «erantzun osoago eta koordinatuago bat emateko». Batzordekideak hurrengo plenoan izendatuko dira. 40.000 euroko diru partida bat badagoela ere gogorarazi zuen Gartziak eta hori herritarrengana bideratzea proposatu zuen, etxeetan prebentzio lanak egin ditzaten.

EH Bilduk, zinegotzi liberatua
EH Bilduko zinegotzi bat liberatzeko eskaera ere onartu zen aho batez. Zinegotzi hori Andoni Gartzia izango da eta lanaldi erdiko kontratua izango du. Soldatapeko zinegotzientzako fitxaketa sistema bat jartzea ere proposatu zuten EH Bildutik, «herritarren dirua den heinean, gardentasunez jokatzeko». Bigarren puntu honen bozkaketa atzeratu egin zen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!