Errealitatea ez da monolinguistikoa. Alegia, herrian ez da hizkuntza bakarra egiten. Ez eta bi ere. Hainbat baizik. Errealitatea da, polifonikoa. Eta euskerak jakin egin behar du errealitate polifoniko horrekin negoziatzen. Ez dakigu inoiz lortuko dugun euskera izatea, herrian hitz egiten diren hizkuntza ezberdinen zubi. Baina, horren bila joan beharko genuke. Alde horretatik, pozgarria da etorkinek nola hartzen duten Kronika.
Atzerritik etorritako jendea ez da euskalduna, oraingoz. Baina, seme-alabak bai; `euskaldun’ hitzak daukan esanahi osoarekin. Euskaldunontzat, euskalduna da euskeraz egiten duena, nahiz eta atzerrian jaio. Adibidez, .eus domeinua sortu duen euskaldun-euskaldunetako baten gurasoak erdaldunak dira, galegoak hain justu. Guraso erdaldunak ere, egunen batean, euskaldunak izango direlakoan gaude.
Gaurko Kronika da, halako tratu, hitzarmen edo paktu moduko bat. Kronikak, gaur, espazio txiki bat eman die beste hizkuntzei, eta hizkuntza horietako hiztunek zabaldu egingo dute Kronika, euskalduna ez den beste jende baten artean. Ziur gaude. Hitza eman digute.
Hitza eman bakarrik ez, beste zerbait gehiago ere erakutsi digute: Tindouffeko errefuxiatu kanpamenduetara Euskal Herritik joan den jende batek sorpresa ederrarekin egin du topo: bandera gisa eskuetan dutela, sahararrekin batera Doberak ateratako ‘Chertat eta Lehoiaren’ ipuin bat erakutsi diote hemengo jendeari Tindouffeko errefuxiatuek. Horixe da kantatu ohi dugun “Eman ta zabal zazu munduan frutua”.
Dobera-Kronikako Zuzendaritza eta langileak