Aurrekontuei zuzenketa partzialak, akordioak lortzeko asmoz

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 2a, 01:00

Zuzenketak aurkeztu dizkie Hernaniko EAJk, 2016ko Udal Aurrekontuei. Batetik, Osoko Zuzenketa bat aurkeztu du; eta bestetik, zuzenketa partzialak ere proposatu ditu, Go­bernu Taldearekin akordioak lortzeko asmoz.
Osoko Zuzenketa aurkezteko, EAJk argudiatu du «desberdintasun haundiak» dauzkala Bil­durekin, «gai askotan». Bes­teak beste, honako hauetan: nola gestionatu diru publikoa, nola izan behar diren udale­txearen erosketa prozesuak, udal funtzionarioekin harremana nolakoa izan behar den, izendapen askeko karguak beha­rrezkoak ote diren, oposizioko alderdiekin nolakoa izan behar den harremana, eta harreman ins­ti­tuzionalek no­la­koak behar duten.
Izan ere, izendapen askeko langileek 138.000 euroko kostua izango lukete aurkeztu di­ren aurrekontuetan; Gara­pen Agen­­tziako langileei 163.000 euro ordainduko lieke Herna­niko Udalak, «oraindik osatuta ez dagoenean»; eta Garbi­ta­niari ordaintzen jarraitzen zaiola ere kritikatu du EAJk, 1.533.000 euro, «beste sistema ezberdinekin emaitza berdinak lortzen direla jakinda». Harrobiko basoaren garapenaz ez hitz egitea ere kritikatu du, «bere ordez Landare eta Zubipeko arazo larriak konpondu daitezkeenean, eta gure nekazal kirolentzat gune adierazgarri bat eratu».

13 zuzenketa partzial
Osoko Zuzenketaz gain, 13 zu­zenketa partzial ere aurkeztu ditu EAJk, «akordioa bilatuz».
Hasteko, azaldu du espero duela «behingoz lortuko dela 1.057.000 euroko hirigintzako diru sarrera, aurrekontuan jasotzen dena, eta aurrekontua ez dela deskonpentsatua geratuko sarrera eta gastuen artean».

Atez atekoaren erreferenduma egiteko, partida bat
Bost partida berri sortzea ere proposatu dute: atez atekoari buruzko erreferenduma egiteko, «hondakinen gatazka honi behin betiko bukaera emateko»; Plazaren eta Tilo­se­tako kioskoaren errehabilitaziorako; lanpostuen azterketa bat egiteko, «errealitatera egoki­tzeko, gehiegizkoa baita 300.000 euro gastatzea»; eta beste biak, ekaitzen tankea proiektua egin eta Landare azpian jartzeko.
Bestalde, eskatu dute gastu juridikoen saila desagertzea, eta baita izendapen askeko langileak ere.

Garapen Agentziako langile gastuetarako, dirurik ez
Udaltzain kopurua haunditu dadin ere nahi du EAJk, turno bakoitzeko bat egoteko gutxienez, eta bide garbiketara zu­zendutako partida ere haunditzea, bere ustez «gutxi haun­ditu baita aurten».
Garapen Agentziaren kasu­an, ordea, langile gastuetara dirurik ez bideratzea proposatu du, eta udal teknikarien esku uztea, beste Udalekin egin beharreko ekimenak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!