Orain, gurasoengan eragitea erronka

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 21a, 01:00

Euskeraren erabilera indar­tzeko, lantaldea dago Astigarra­gan. Ia hiru urte daramazki zeregin horretan. Bertan bil­tzen dira honako eragileetako ordezkariak: Kiroldegia, Musi­ka Esko­la, Astigarragako Herri Eskola, Guraso Elkartea, Xaguxar, Gazte Lekua, AEK eta Udala. Haurren­gan erabilera indartzeko asmoz hasi ziren, Astigarragan beherantz zijoala ikusita, beste he­rrietako joeraren kontra. Urte hauetan hainbat ekintza egin dituzte eta orain, gurasoengan eragitea dute erronka. Haurren­gan erabilera jaisteak, ereduan duela oinarria jabetu baitira.
Euskeraren erabileraren inguruan, Soziolinguistika Klusterrak egindako azken neurketak 2011 urtekoak dira. Eta euskeraren erabilera haurrengan, 1996tik 2011ra, %65etik %45era jaitsi zen.  Hurrengo kale neurketa 2016an egingo da.

Emunen bidez
2012 inguruan jarri zen mar­txan Astigarragako Euskeraren erabilerarako lantaldea. 2012an, Udalak Emun aholkularitza enpresari eskatu zion Astigarra­gako Euskara Plana bideratzeko eta diseinua egiteko. Aurkeztu zuen, eta Udalak ontzat eman ostean, martxan jarri zen.
2013an, Emunek egindako diagnosiaren txostena aurkeztu zen eta  familia, hezkuntza, kirola, euskalgintza eta gazteria arloko eragileekin lantalde bat osatu zen haurren erabileran eragiteko helburuarekin: Euskeraren erabilerarako lantaldea. Lehendabizi, 2013ko Euskararen Eguneko programa bateratua egiteko izan zen eta ondoren, 2014ko ekintza plana osatu eta horren jarraipena egiteko. Ordutik, bilerek eta elkarlanak jarraitu egin dute. Pixka­naka gero eta ekintza gehiago ari dira aurrera eramaten eta indar­tzen ari da lantaldea.
Gainera, euskera elkarterik ez dago Astigarragan, eta talde honek hutsune horri erantzuten dio neurri batean.
Gaur egun ere, Udalaren eskariz, Emunek darama lantaldearen dinamizazioa eta koordinazioa.

Gurasoak jomuga
Lantaldea nola joan den gara­tzen azaldu dio Kronikari Amaia Usabiaga Udaleko Kultura eta Euskara teknikariak: «Emunek egindako diagnostikoaren arabera, ikusi zen hainbat eragile lanerako prest eta gogotsu zeudela. Hasieran, hori izan zen abiapuntua. Oinarrian haurren euskeraren erabilera sustatzea izan zen, baina lantaldean parte hartzen duten eragile guztiek ez dute umeekin bakarrik lan egiten. Eta horrez gain, ikusi genuen, arazoa ez zela umeen­tzat eskaintzarik ez egotea euskeraz. Kontrakoa, haurren aisialdia, hezkuntza, kirola... herrian antolatzen dena ia dena euskeraz da. Konturatu gara, hori ez dela arazoa. Horregatik, haurrek daukaten ereduan eragitea da gure erronka; zehazki, gurasoen hizkuntza erabilera».
Hasiera hartan, eragile ba­koitzak, berak egiten zituen ekin­tzen berri ematen zuen eta gaur egun ere jarraitzen dute horrekin. Balorazioa konpartitzen dute: «elkarren berri izatea aberasgarria da. Bakoitza zertan ari den jakiteko balio du eta horrez gain, elkarri elkarpenak egiten dizkiogu, eta aholkuak eman. Elkar eragiten dugu», dio Usabiagak.  Urteko plangintzak ere egiten dituzte; eragile bakoitzak azal­tzen ditu ze asmo eta ze helburu dituen urte horretarako. Eta bide horretan, beste pauso bat ere eman dute: eragile bakoitzak egiten duenaz gain, elkarrekin egin dezaketeena lantzen dute: «ba­koi­tzak bere arloan egiten duena interesgarria izan arren, denon artean zerbait egiteko beharra ikusi genuen. Euskararen Eguna­rekin hasi ginen, eta oraindik ere jarraitzen dugu, baina hori baino gehiago ere egin behar dugu». Orain bideak aztertzen ari dira gurasoengan eragiteko.
Hasteko, egoera zein den jakiteko, datu bilketa egin dute. Eta gurasoei beraiei galdetu beharrean, umeei galdetu diete etxeko hizkuntzaren berri, datu errealagoak lortzeko asmoz. Datuak aztertzeko dauzkate oraindik. Arlo honetan, beste herrietan zer egiten ari diren ere aztertzen ari dira.  

Euskararen Eguneko egitaraua ere elkarrekin antolatu dute.

Urte hauetan, hainbat pauso
Bi urte hauetan egin dituzten beste jarduera batzuk honakoak izan dira: eskolorduz kanpoko jardueretako begiraleei eta eskola kirolekoei hizkuntz estrategien inguruko tailerra eskaini zaie (bi urtez); kiroldegiko ikastaroetako hizkuntza irizpideak landu eta ezarri dira; Udala eta Mun­darroren arteko hitzarmenean hizkuntz irizpidea txertatu da;  Parketarrak, eskolorduz kanpo haurrak eta gurasoak parkean euskeraz jolasteko  jarduera; gurasoentzako euskaltegiko matrikulazio kanpaina berezia egin eta Gurasolagun egitasmoa abiatu da; ikastolako haurren etxeetan erabiltzen den hizkuntzari buruzko galdeketa egin da; nerabeentzako  hainbat lehiaketa eta sensibilizazio ekintza....
Datuak ere eman ditu Usabiagak kiroldegiko ikastaroei dagokienean: adibidez, 2013-2014 ikasturtean, ikastaroen %17a ziren euskeraz; 2014-2015 ikasturtean, %23; eta 2015-2016 ikasturtean, %43,8.

Hilabetero bilerak
Gutxi gorabehera, hilean behingo maiztasunarekin elkartzen dira; asteazkenez, 14:30etan udaletxean, hori baita parte hartzaile guztiei ondo datorkien ordutegia. Oso ondo funtzionatzen duela dio Usabiagak: «Jendeak badu lan egiteko gogoa eta parte hartzea oso ona da. Jendeak ikusten du bere esparruan gehiago egiteko aukera dagoela eta elkarlana emankorra da. Oso pozik gaude taldearen erantzunarekin». 15 bat ordezkari elkartu ohi dira. Ikasturteko bigarren bilera azaroaren 11n egin zuten. Bilerak irekiak dira eta interesa izan dezakeen edozein izan daiteke parte.
Presentzia fisikoa ere ez du zertan izan. Email bidez ere badago aukera parte hartzeko. Helbidea: astigarraganeuskaraz@gmail.com.

EUSKARAREN EGUNEKO EGITARAUA
Azaroak 28, larunbata
19:15 Zine mutua euskarazko azpitituluekin eta zuzeneko musikarekin, musika eskolan.
Abenduak 3, osteguna
Ikastolako atarian:
15:00etatik aurrera ikastolako atarian,
-2015eko Euskararen Eguneko abestia (letra Astigarragako 6. mailako ikasleek idatzia, Unai Muñoa bertsolariaren laguntzarekin eta Iñake Zubiarrain, Eider Arco eta Nahia Azparrenek sortutako doinua)
-Zumba saio irekia euskal abestiekin
-Txokolate-jatea
Sagardo plazan:
17:00, "Euskararen zaporea" standa: photocall, AEKko ikasleen esketxak, zozketa....
Egun osoan zehar, herriko taberna gehienetan euskal musika eta "Euskaraz bizi nahi dut" pintxoak.
Abenduak 4, ostirala
18:00, "Errimatuz garenera arrimatuz", Gaztelekuan.
Oskar Estangaren emanaldia, hip-hop eta bertsoa uztartzen dituena.
Aipatutakoez gain, Kiroldegian, musika eskolan, ikastolan eta Arantzazuko Ama ikastetxean, ikasleekin barneko jardunean txertatuta, beste hainbat jarduera ere bideratuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!