«Sakabanatuta dagoen auzoa elkartzen du»

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 21a, 01:00

«Garrantzi haundia dauka Txirrita eskolak Ereñotzurentzat, bizia ematen dio, mugimendua sortzen du», diote Ana Santa Kruzek, Auzo Udaleko kideak, eta Lurdes Oskoz eta Aintzane Lasak, Guraso Elkarteko arduradunek. Eta gehiago ere nabarmentzen dute, garrantzia horretan: «sakabanatuta dagoen auzoa elkartzen dute, oso gune egokia da horretarako. Auzo Udal­a­ren­tzat, lehentasunetako bat da eskola».
Izan ere, eskolan egiten duten harremanagatik, eskolatik kanpo ere elkartzeko joera hartzen dute haurrek, «eta gerturatu egiten dira auzora».

Auzo Udala: «guretzat, lehentasunetako bat da Txirrita eskola. Bizia ematen dio auzoari, mugimendua sortzen du Ereñotzun».

Helduak ere, auzora erakarri
Haurren arteko harremana sendotzen du eskolak, baina helduei ere, gurasoei bereziki, auzorako ohiturak aldatzen dizkie: «normalean ez zara hainbeste geratzen auzoan, baina zure seme-alabak eskolan hasten direnean, auzoan geratzeko aprobetxatzen duzu, parkean jolasean egoteko aitzakian, eta harreman haundiagoa egiten duzu beste gurasoekin ere», dio Santa Kruzek.
«Oso berezia» da, gainera, haurrek beraien artean egiten duten harremana: «eskola txikia izanik, zaharrak eta txikiak nahastuta daude, eta oso harreman berezia sortzen da. Haundiek zaintzen dituzte besteak, eta oso harreman familiarra eta goxoa da haien artekoa». Eta gerora ere, 12 urtetik aurrera kanpoan ikastera doazenean, mantendu egiten dute «auzorako joera hori».

Guraso Elkartea: «auzoan aisialdi aukerak izateko, jolasak, ingelesa eta euskal dantzak antolatu ditugu frontoian arratsaldeetan».

Aisialdirako, aukera berriak
Joera hori areagotzeko, eta «auzoan bertan aisialdi aukerak izateko», zenbait ekintza prestatu ditu Guraso Elkarteak aurten: «arratsaldeetan, frontoian, jolasak, ingelesa eta euskal dantzak ematen ditugu, adin guztietako haurrentzat. Aberatsa da auzoan geratzea, beraien arteko harremana sendotzeko. Gainera, auzotik Hernanira mugitzeko arazoak dauzkate, garraio aldetik», diote Guraso Elkarteko bi arduradunek.
Arazo horiek konpontzeko lanetan ari da Auzo Udala, Hernaniko Udala­re­kin eta Aldundiarekin: «Hernaniko ekitaldiak gure garraioaren ordutegira moldatuko dituzte, eta igerilekura joateko, autobus bat jarri du Aldundiak arratsaldero».
Eskolaren toki falta da beste arazoa, 1992-1993 ikasturtean eraikin berrira mugitu zirenetik, inoiz baino haur gehiago baitaude: «komeriak dauzkagu tokiarekin, eta aurreikuspenen arabera, gora egingo du, gainera». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!